Itxi

Julen Orbegozo

'2 urte 2.0'

Julen Orbegozo

Maialen Lujanbiok 'Berria'n idatzi zuen '2 urte' izeneko zutabetik hasita, ETAren armagabetzeari komunikabideek emandako titular desberdinak eta Memoriaren eguna izan ditu hizpide Julen Orbegozok.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

"Maialen Lujanbiok bertsolari txapelketa nagusiko txapela bi ditu; hamaika bertso ahaztezin baita; eta, niretzako, badu ere, ezkutuan, Googlen memorian, nonbait, gordeta dagoen iritzi-zutabe antologiko bat. Berrian idatzi zuen 2004an eta “2 urte” izenburua jarri zion. Urtero irakurtzen diet ikasleei, azaltzeko, gauzak esateko moduak eta modu ederrak daudela.

Lujanbiok, edertasuna bilatuz, hala dio, besteak beste:

Bi urte, harreman baten finkatzea. Bi urte eta bi egun, harremanaren lehen krisia. Bi urtetan, haurdun geratu, sustoa hartu, sustoa pasa, erditu eta bikiak izan; bi urte, eta bat zena hiru.

Egunotan konturatu naiz, 2 urtetan ere, irakasleon Power Point horiek geratu daitezkeela arras zaharkituak.

Begira, orain 2 urte, 2 urte bakarrik, azaltzeko errelato politikoek komunikazio politikoan duten garrantzia, efemeride bat izaten nuen hizpide: ETAren armagabetzea.

Gordeta dauzkat 2017ko apirilaren 9ko egunkarien azalak:

Berriak: Armagabetu da ETA. Deskriptiboa. Lakonikoa.

Noticias de Gipuzkoak: “Adios a las armas”, “Armei agur”.

El Correo: ETAk 106 arma eta 3.000 kilo lehergailu utzi ditu… ezeren truke. Ezeren truke horrek, asko dio.

El Pais: ETAk bere porrota egiaztatu du

ABC: ETAren iruzurra Baionan: 8 zulo eta 120 arma soilik eman ditu.

Eta, El Mundok, errelato-zaleena bera: “ETA errenditu da”.

Gertaera bat, 6 modu diferentetan azalduta, errelato bat edo bestea elikatuz.

Bada, zer da 2 urte? Ba bai, ikasleen interes eta kezkei erreparatuta, klasean erabiltzen ditugun power point fashion horiek zaharkituak gelditzeko adina denbora; hori da 2 urte.

 Memoriaren eguna pasa da eta ikusi dut, ETAk su etena iragarri eta 2 urte eta erdi hauetan, ez dela arindu, memoria eta errelato bakarra inposatu nahi dutenen grina.

Azkenaldian Patria fikziozko nobela da euren lema intergenerazionala. Fikziotik sortu nahi dute errelatoa, fikziotik, lotsa barik, aizue. “Fikzio errealista”, irakurri nion bati.

Memoriaren Egunean, Patriazale bati, hain justu, “Egia bakarra dagoela”, entzun nion, “Patriarena”, alegia.

Trumpek ere antzekoak esaten ditu bere burua galtzaile ikusten duen bakoitzean.

Errelatoa ez delako errelato, singularrean, errelatoak baizik, pluralean, orain bada beste urjentzia bat: errelatoaren aitzakipean jende gehiagok ez sufritzea, injustuki, kartzeletan.

2 urte gehiago asko delako, gehiegi, pandemietatik harago, askatasunean bizitzak ematen dituen plazerrik gabe bizitzeko. Eskubide eta humanitate kontua da, jaun andreok". 

Audioak (1)