Itxi

Pilar Kaltzada

'Entzunez ikusi'

Pilar Kaltzada

Azaroaren 25ari begira jarri gaitu Pilar Kaltzadak, Emakundek adineko emakumeek pairatzen duten biolentziari erreparatzeko martxan jarri duen kanpainari helduta osatu baitu bere 'Sinadura'.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Pilar Kaltzadaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Azaroaren 25 laster dugu, jada ate joka, eta urtero bezala, Emakundek bere kanpaia aurkeztu du. Aurten, adineko emakumeek pairatzen duten biolentziari erreparatzeko deia egin du, oharkabe pasatzen diren askotariko biolentzia matxisten artean berau delakoan isilena, sorrena, ikusezinena. Entzunez gero ikusiko duzu, esaten du lelo nagusiak, soilik adi dagoen gizarte batek antzeman dezakelako indarkeriarik ezkutuena.

Ados nago esaten denarekin. Ados nago eta aldi berean, harrituta nire buruarekin, ikusten gehien kostatzen zaigun biolentzia-mota hori begien aurrean izan dugulako bizitza osoan. Horrek harritu eta aztoratu egin nau.

Kanpaina horretarako propio prestatu dituzten zazpi testigantza erreal emango dituzte. Nik lehena bideoz ikusi dut jadanik. Pantailari begira geratu nintzen, isilik, iltzaturik bezala, ikusten ari nintzen horrek fikzioarekin zerikusirik batere ez zuela ohartuta. Pertsonaiak, ahotsak eta atrezzoa gora-behera, oso ezaguna egin zait guztia. Makina bat aldiz ikusi dut han azaltzen dena, baina begiak itxita, itxura denez. Makina bat ama etorri zaizkit gogora. Edo amon. Edo aita eta aiton. Adi egonda ere —edo hala nagoela uste nuen behintzat—, ihes egiten dit indarkeria horrek, hain etxekotua, hain barneratuta, hain geurea den biolentzia horrek.

Normala denari ez zaio erraz erreparatzen, eta gure gizarteak normatzat du emakumea menpekoa izatea: senarrarekiko menpekoa, hitzaren adiera zabalean; familiaren betebeharretara guztiz emana, maitasunak, (ai! maitasunak), horixe dakarrelako, ustez. Denek ongi baino hobeto ulertu eta bete ditugu gizarteak ematen dizkigun aginduak, agerikoak ez badira ere, barru-barruraino sartzen zaizkigunak. Emakumeek ulertu dute. Gizonek ulertu duten bezalaxe. Normala delako. Hots: ohikoa eta arauzkoa.

Hirurogeitik gora urte ditu nik ikusi dudan bideo horretan ageri den emakumeak. 40 urtez itzal baten moduan pasa da familiaren begien aurrean. Seme-alabek, bilobek, koinatak, errain eta suhiek ez dute antzeman hainbeste maite duten ama, amonak edo amaginarrebak zer sufrikario zekarren. Nola liteke? 

Sekretu bat ezkutatzeko tokirik seguruena atari zabala dela esan ohi da, denen begien aurrean utzita normaldu edo egiten delako. Ikusezina.

Horregatik entzun behar da, ezkutuan datzana ikusi ahal izateko. Familia-antzezpeneko oihala jaisten denean, atzealde ilun eta zikinean dauden emakumeei, bereziki adineko emakumeei, ez zaie maiz hitz egiteko aukera ematen eta horretan, bete-betean asmatu du kanpainak.

Ñabardurak, baina, garrantzitsuak dira eta nik, bainaren jarri nahi nuke, adineko emakumeak etiketatzearen arriskua. Kontuz gero, adineko emakumeak ere anitzak dira, gazteak bezainbeste. Kanpaina berriak protagonistatzat dituen emakumeen belaunaldi berekoak dira gaztexeago garenoi gaur ditugun eskubideak eman zizkigutenak. Eta beren buruarentzakoak ez baziren ere, ondoregoentzako aukera berriak sortzeko aparteko lana egin zutenak. Adinez oso aurrera doa emakume ausart, arau-apurtzaileen belaunaldi hori eta berandu baino lehen aitortza egitea ez legoke gaizki".

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)