Itxi

Amatiño

'Euskal zinemak ikus-entzuleak behar ditu'

Amatiño

Euskal zinema ikustera joatekjo gonbita egin du Amatiñok bere 'Sinadura'n.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Amatiñoren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Euskal Herriko lehen pelikulak XIX. mendekoak diren arren, gaur egun indarrean dagoen euskal zinemagintzaren fenomenoa 1960eko hamarkadan hasi zen, “Pelotari” eta “Amalur” moduko tituluekin. 70eko hamarkadako urte zailetan jarraitu zuen nola-hala, eta 80ko zein 90eko susperraldia nekez uler daiteke demokraziak erakarri zuen erakundetzea eta sektorearen garapena gogoan hartzeke.

Euskarazko zinemaren pizkundea, ordea, azken 15 urteotan kokatu izaten da, “Aupa Etxebeste”, “Kutsidazu bidea, Ixabel”, “Amaren eskuak”, “Loreak”, “Amama”, “Handia” eta ildo bereko beste hainbat tarteko.

Nahiz azken urteotan euskal zinemagintza nabarmen hobetu kopuruz eta kalitatez, batek daki, lorpenik handiena ez ote den normalkuntza. Izan ere, euskal zinema ez da gaur ezusteko albiste, ekarpen bat gehiago baizik. Eta eztabaida ez da anekdotikoa edo linguistikoa, baizik-eta genero bereko beste edozein ekoizpeni egin dakiokeen kritikaz eta ikusentzuleari gustuko zaion ala ez.

Euskal zinemagintza hasi baino ez da egin, ordea. Hamaika zailtasun gainditu beharko ditu, gero eta lehiakorrago izango den merkatuan, eta egunotan aretoetan ikuskizun ditugun, “Ane”, “Erlauntza” edo “Hil kanpaiak”, batetik, eta Euskal Telebistak eskaini berri duen “Hondar ahoak” telesaila, bestetik, makina bat urte kostatu zaigun normaltasun horren lekuko baino ez dira. Lauak, gainera, euskal ekoizpen anitzaren adierazgarri.

Auskalo, euskal zinemagintzak lortu duen maila, gurea bezalako herri bati legokiokeena baino handiagoa edo apalagoa ote den. Gaitzena ez omen da heltzea, behin helduz gero jarraitu ahal izatea baino. Zalantzarik ez, gure aktoreek, gidoilariek, ekoizleek eta babesleek sekulako erronka dutela aurrez aurre; baina dema gurea ere bada, ikusentzuleona, kontsumitzaileona.

Izan ere, behar bada gutako asko aretoetara joatea ez da nahiko izango euskal zinemak iraun dezan. Baina, seguru, gero, gu ez bagoaz, ez dela beste inon euskal pelikularik egingo.

Amatiño

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)