Itxi

Itxaro Borda

'Lauak bat'

Lauak enpresan langileek duten "langabezia hurbilaren mehatxua" izan du hizpide Itxaro Borda idazleak.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Segur aski, Aiherra, Isturitze, Oragarre edo Hazparneko Lauak hegazkin enpresako langileentzat, koronobirusa baino latzagoa den epidemia bat bada, langabezia hurbilaren mehatxuarena hain zuzen ere. Iragan maiatzean entzun ziren lehen zurrumurruak eta goiz honetan, irratian, bertako nagusiak lizentziamendu gutunak postara eraman dituztela berretsi zuen. 138 familia birrinduko dituen errotaren martxa astuna abian da, eguberriak eta urte hastapeneko ospakizunak laino ilunez estaliko dituela.

Gers eskualdean duten beste fabrikako beharginek, Le bon coin edo Xoko ona gunean, beren lan-tresnak salgai ikusiak dituzte jadanik. Urrikirik ez dago euskal nagusigoaren bihotzean. Hazparnen, langileak banaka deitu dituzte zuzendaritzara, buruz buru hitz egiteko, hoberenak baizik ez zituztela atxikitzen sinets araziz. Lana galtzeaz gain, ondorioz, langileak, bere ustezko langile on duintasuna ere galtzen du, eta ez du, nagusiaren erabakiaren kontra ihardukitzeko kalipurik. Betikoa.

Emankizun berean, Lauak taldean, langilegoa terrorea baliatuz trinkotzen delako erramerrana ezeztatu zuen nagusiak. Enpresa gozoa, familiarra eta paternalista delako froga argi bat eman zigun berehala:  sindikaturik ez dago, langileek ez dutelako sindikatu premiarik, baina badakigu sindikatuak bertan ez direla biziki ontsa ikusiak. Gainera, hegazkingintzaren alorra salbatzeko, gobernuaren aldetik Lauak-ek ere diru zama polita eskuratu du, eta horrekin ordain dezake bere plan sozial ikusgarria. 

Elkarrizketa egilea, laster aspertu zen nagusi modernoari galdera traketsak egiten. Gaia aldatu zuen, Aviron Bayonnais errugbi taldeko antolaketa bizefal arazoak aipatuz. Alabaina, Lauak izena agertzen da txapeldunen papoetan hizki handitan, sponsor moduan, errugbian, bai eta pilotan ere. Nehork ez du langabezia dastatuko duten langileen egoera sobera azpimarratuko, diru-emaile gisa, hain beharrezkoa den enpresa baten enplegu politika salatuz. Eguberri da laster, berri onak, bakea eta bi sos nahi ditu jendeak... besterik ez". 

           

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)