Maria Ubarretxena
"Ahalik eta jende gehienak parte hartu behar du baheketan, fokuak topatzeko"
Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak dei egin die arrasatearrei gaur hasi den baheketan parte har dezaten: "birusa kalean dago eta jakin nahi dugu zergatik dagoen hain transmisio altua Arrasaten".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Debagoienan orain arte egindako baheketa zabalenari ekin diote goizeko hamarretan. Arrasaten eta Aramaion, bereziki, koronabirusa mugarik gabe zabaltzen ari delako. euskadi Irratiko "Faktoria" saioan, Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak aurreko aldian baino partehartze handiagoa espero du: "Orduan ehuneko 53koa izan zen, datua ez dago gaizki baina gehiago nahi dugu. Oraingoan, 21 mila pertsona daude PCR froga egitera deituta. Gaur bertan 12 mila pasako dira. Partehartzea areagotu egin behar da bestela ez delako fokoak non dauden jakingo".
Arrasateko alkateak azpimarratu du arrasatear guztien osasuna dela jokoan dagoena eta dei egin die herritarrei erantzukizunez jokatzeko: "Harreman pertsonalak mugatu eta gure arteko kontaktuak sahiesteko parketara ez joatea" gomendatu du eta taldeak ez daitezela sei lagunetik gorakoak izan.
Pasa den asteburuan mugikortasuna zabaldu dela eta kutsatzeko arriskua areagotu ote den galdetuta, Ubarretxenaren iritziz, norberaren erantzukizuna azpimarratu behar da: "Norberak bere buruari galdetu behar dio ea ezinbestekoa den pote bat hartzera edo bazkaltzera beste herri batera joatea. Norberaren jokaera da azpimarratu behar dena".