MIREN BASARAS
"Garrantzitsuena da babes neurriak baliagarriak direla aldaera guztientzat"
Erresuma Batuan atzeman duten COVID-19aren aldaera berriaz, EHUko mikrobiologoak dio goiz dela kutsakorragoa ote den esateko. Miren Basarasen ustez, Europan neurri zorrotzagoak hartu beharko lirateke.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Erresuma Batuan atzeman dutena COVID-19aren "aldaera" edo "anduia" da? Hasteko, zalantza hori argitu du 'Faktoria' saioan Miren Basaras Euskal Herriko Unibertsitateko mikrobiologoak: "Birus honek bere genoman aldaketa desberdinak pairatu ditu, mutazio ezberdinak, eta mutazio horiek direla eta, aldaera hitza erabiltzen da. Andui hitza erabiliko litzateke mutazio kopuru hori oso altua izango balitz eta aldaketa nagusi batzuk gertatzen direnean".
Oraindik ez dago argi atzemandako aldaera berria kutsakorragoa ote den. Epidemiologikoki hitz eginda, tentuz ibili beharra nabarmendu du Basarasek. Ikerketa gehiago beharko dira. Basarasen aburuz, bien bitartean funtsezkoa da babes neurriak hartzea, eta "garrantzitsuena da hartzen ditugun neurriak baliagarriak direla aldaera honentzat eta beste guztientzat".
Europan neurri zorrotzagoak hartzearen alde agertu da, eta uste du neurriok bateratuak izatea baliagarria izango litzatekeela. "Gizarteak badu erantzukizuna, eta baita agintariek ere".
Orain arte baimendutako txertoak aldaera berri honentzat baliagarriak izango ote diren galdetuta, Basarasek uste du datu guztiak eduki gabe, baina badirudiela ez duela eragin handirik izango txertoen eraginkortasunean.