Itxi

Itxaro Borda

'Urte bitxia'

Itxaro Borda

Urtearen errepasoa egin du Itxaro Bordak 2020ko azken 'Sinadura'n.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

 

            "Abendu bukaera honetan, askotan entzuten da, 2020ko urtea bitxia eta berezia izan dela. Hala izan da, bistan dena, batez ere Covidaren pandemiarengatik, denbora laburrean, planeta osoa belaunika arazi duelako. Hamabi hilabete aski izan ditu, osasun egituren, sistema ekonomiko ustez betikoen eta jendetasunaren puntu prekarioenen ahuleziak agerian uzteko. Herrialde aberatsetan, baina halaber, eskualde pobreetan, eritasunaren ondorioak are latzagoak suertatu direlarik. Txertoa hor dugu jadanik, kasik eskura, eta hizkuntz elementu gisa hedatzen ari den moduan, bukaeraren hasiera da, hots  le début de la fin !

           

            Udaberritik hona jasan edo pairatu ditugun konfinamenduek egunerokoa aldatu digute. Abiadura handian bizi ginen, buruak apal, soak ezkel, erosketak, telesaila mexikarrak, lana, familia... bakoitzarentzat minutu eta une apurrak zainduz. Koronabirusarekin guztia geldotu zaigu, etxekotzera behartu gaituzte,  urratsak murriztu dizkigute eta gutariko batzuek, bakartasunaren garratza ere dastatu dute. Trena gelditu da, bat-batean... geltokirik ilunenean jaitsi gara eta noraez gaude, makina berriz abiatuko dela esperoan, lehen bezala, lehen baino indartsuago, galdu dugun denbora (eta beraz dirua) berreskuratzeko.

 

            Bigarren konfinamenduan, ohartu zaretenez, ez dugu geroko munduaz amets handirik egin, gure irudimen kamustuak etorkizuna soilik biharamunera mugatzen bailuen. Hori ere ikasi dugu: egunetik egunera irauten, espanturik gabe, osasun arduradunen aholkuak jarraituz, distantziak, esku garbiketak, maskarak. Nork erranen zuen... iragan urte zaharrean ez genuen filmik katastrofistenean ere horrelakorik imajinatuko. Eta bitartean, abantzu bi milioi jende hil dira globoan zehar. Gure artean bertan, hainbat lagunek utzi gaituzte: doluminak.

 

            Txertoa hor dugu. Eguberriko oparia, egiazki. Sei hilabete beharko omen dira talde immunitatea garatzeko. Dirudienez, aldizka pasatuko gara sendagileen eskuetatik. Telebistan, Felix Zubia medikuaren beso gaineko ziztaren gorridura orduko, haren ondotik, gure txanda...

 

 

            2021a izugarria izanen da. Presta gaitezen..."

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)