Hasier Arraiz
'Asmo onak'
2020a amaitzear dela, asmo onak, Neron enperadorearen jai erraldoia eta txertoa lotu ditu urteko azken 'Sinadura'n.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Hasier Arraizen 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Urtea amaitzear dago eta, guztiok asmo onen zerrendari ekin behar diogu. Kirol gehiago egitea, gutxiago jatea, euskaraz gehiago irakurtzea, ondokoari izorratzeari uztea…eta gauza txiki horiek.
Duela gutxi irakurri nuen Neron enperadore erromatarrak behin sekulako jaia antolatu zuela. Seguru asko antolatu zituen jai erraldoi haietatik bat gehiago. Kontua da jai hartara Erromako poetarik, pentsalaririk eta artistarik onenak gonbidatu zituela. Nonbait, enperadoreak gozatu nahi zituen. Jaia arrakastatsua izan zen oso. Hain izan zen arrakastatsua, ezen eta ez zegoen amaitzeko modurik. Iluntzen hasi zen, baina inork ez zuen handik alde egin nahi. Gauzak horrela, gerora ere ospetsu egin duten ideia haietatik bat izan zuen Neronek. Erromako kriminalik ankerrenak jaia ospatzen ari zen lekura eramanarazi eta guztiei sua emanarazi zien. Giza-zuzi haiek Neron eta bere gonbidatu ilustratuen jaia argitu zuten egunsentia heldu bitartean.
Lehengo egunean Zarautzen etxerik ez zuen gizon bat hil zen. Izenik gabeko gizon horrek ez omen zuen hotzetik babestuko zuen haitzulorik topatu, ezta haien arnasarekin berotuko zuten idirik eta mandorik ere. Bitartean, gure kezka nagusia da hurrengo afarian edo bazkarian mahaiaren inguruan hamar ala sei lagun esertzerik izango ote dugun.
Orain dela egun batzuk jendeari koronabirusaren aurkako txertoa jartzen hasi ziren. Pozten nau jendea pozik ikusteak, pozten naute adineko jende horren irribarre beldurtiek, akaso iloben musuak eta besarkadak berreskuratuko dituztelakoan. Pozten nau, batez ere, itxaropenak eta bizipozak berriro jende xumearen gogoa argitzeak.
Zorionez, heriotzari gailendu eta aurrera segituko du bizitzak. Baliteke gu Neronen gonbidatuak bezain jakintsuak ez izatea, baina batez ere ez gara hain hipokritak. Alabaina, batzuetan guk ere axolagabekeriaren aurkako txertoa behar genuke".