Itxi

Hasier Arraiz

'Arte garaikidea'

Arte garaikideaz hausnarketa egin du Hasier Arraizek bere 'Sinadura'n.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Hasier Arraizen 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Iván de la Nuez kubatarraren liburu batean irakurri nuen politika ahal denaren artea baldin bada, arteak ezinbestean ezin denaren politika izan behar duela. Edo, behinik behin, horixe esaten dio aldiro-aldiro arte garaikideak bere buruari. Eta halaxe ez bada, artista garaikide batzuk artea ulertzen omen dute garai bateko “probokazio” gisa baino norberaren “esku-hartze” politiko gisa.

Arte garaikideak ez ditu bakarrik materialak aldatzen, baizik eta artearen objektua eta, hein batean, baita subjektua ere. Gauzak horrela, artearekin zerikusirik ez zuten gauzak objektu artistiko bihurtzearen garrantzia erraz uler dezakegu, hara non Duchampek arte-lan bilakatutako pixaleku famatua eta “instalazio” hitzaren aurkikuntza magikoa. Ondoren “gertakariak” arte-lan bilakatzeko tema etorri zen, hara non “happening” eta “performance” kultura esperimentala, non amaiera ziurrik ez duten antzezpenetan ikusleak nahi gabe aktore bilakatzen diren. Azken joera omen da, ordea, pertsonak erakustea, De la Nuezek bere saiakeran kontatzen du nola berriki Malmöko museo batean eskale errumaniar pare bat erakutsi zituzten, Londresen Bret Bailey dramaturgoak arraza beltzeko pertsonak sumisio eta menpeko egoeretan agertu zituen, kolonia garaiko gizakien zoologikoen itxura gogora ekarriz, ala Berlingo Judutar Museoak Judutarrak Beirazko Kutxetan izeneko erakusketa antolatu zuen.

Hitz haiek guztiak buruan, eta agian horregatik, euskal artista garaikideen erakusketa kolektibo batera joan nintzen. Ez zen Oteiza, Txillida, Basterretxea eta horiena, ezta ondorengoena ere. Hauek izango ziren ondorengoen ondorengoen ondorengoak, gutxienez. Ni pixalekuekin eta abarrekin gozatzeko prest, han ibili nintzen gora eta behera. Ondo, baina handik alde egiterakoan ate inguruan,  zer ikusi behar nuen…hara, neure burua beirazko kutxa baten barruan! Nork espero dezake bere burua beirazko kutxa baten barruan ikustea arte erakusketa batean? Beiraren azpiko txarteltxoak zioen: “Azken euskal independentista”. Benetan, zoratzeko modukoa. Lasaitu nintzenean, ispilu bat besterik ez zela ohartu nintzen. Eta txarteltxoaren irakurgaia? Benetan hori zioen ala nik gaizki irakurri ote nuen? Oraindik ez dakit".

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)