Mikel Irizar
'Bidentzero'
Joe Biden AEBko presidente beri izan du hizpide Mikel Irizarrek bere 'Sinadura'n.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
"Bilbo eta Donostia artean autopistaz dabilenak seguru ikusi duela noizbait Mendaro parean pertsona bat errepide ondoan; batzuetan biolina edo kitarra jotzen, besteetan tente aterkipean. Han bertan bizi da eta urteak daramatza aldarrikatzen bere ingurua autopistaren zaratatik babesteko. Oraingoz ez diote kasurik egin, ez bada isun bat jartzeko, argudiatuz bere presentziarekin istripuak eragin ditzakeela. Han segitzen du, ordea, aldiro aldarriaren leloak eguneratuz. Azkenak, joan den astean, grazia berezia egin zidan. Honela zioen: JOE BIDEN, HELP.
Antza, Trumpen lau urteetan hainbesteko beldur pasatu dugu, orain espero dugula Bidenek dena konponduko duela. Biden nahi genuke Olentzero, edo Bidentzero, gutuna idatzi eta gure desio guztiak bete ditzan. Eta bai, hasi orduko, klimaren Parisko konpromisoei heldu die berriro, eta Munduko Osasun Erakundera itzultzeko agindua eman du; ondo, baina hori lehengora itzultzea besterik ez da. Pandemia hobeto kudeatuko du, mendebaldeko estandarretan; baina horrekin ere arrakastatik urrun egongo da.
Biden zaharra da. Nik badaramat bi urte jubilatuta, eta berak hamabi urte gehiagorekin hartu du presidentearen zama. Zaharra da, eta lege zaharrekoa, betikoa. Pitzadura sakonak erakusten ari den sistema eta herrialde baten kide betea eta ordezkari gorena. Alde horretatik ausartagoa izan daiteke Harris lehendakariordea; gaztea eta emakumea, eta ez zuri-zuria. Hala ere, gogoratu Obama: argi batzuk izan zituen, baina itzalak ere bai. Eta gogoratu Pentagonoa: Trumpek ez du gerrarako joerarik izan, eta haiek berriro ortodoxia militarra ezarri nahiko dute.
Oinak lurrean, beraz; Bidentzerok ez ditu gure arazoak konponduko, ezta Mendarokoa ere. Honek hurbilean behar luke konponbidea; eta, aldarriaren tinkotasuna ikusita, esango nuke isunetatik bainoago enpatiatik etorriko dela".