Itxi

Mendebaldeko Saharaz

"Egoera ikusita, Mendebaldeko Sahararen gerrak asko iraungo duela uste dut"

Pilar Goya | EiTB Media

Nayua Jatri Aduh sahararrak azaldu du 29 urtez egon direla modu baketsuan autodeterminazio erreferendum baten zain baina ez dela gauzatu: "Tristea da baina ikusten dugun irtenbide bakarra gerra da".

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Nayua Jatri Aduh sahararrarekin batera, Andoni Lubaki kazetari grafikoak eta Mikel Reparaz ETBko nazioarteko arduradunak aztertu dute Mendenbaldeko Sahararen egoera, duela bi hilebete Marokoren eta Fronte Polisiarioaren arteko gerra berpiztu  ondoren. Nayua Jatri Aduh-k azaldu du sahararrek beldurrez hartu dutela gerra berriro piztu izana baina baita pozez eta itxaropenez ere: " Bide politikotik konponbide baten zain egon gara baina ez da iritsi; horrek leherrarazi du egoera, gure herrian gerra ez delako inoiz amaitu, egunero hiltzen eta torturatzen delako jendea zonalde okupatuan. gure herriak 45 urte daramatza "pandemia"jasaten".

Andoni Lukabiren arabera, "mundua asko aldatu da azken 30 urtean eta estrategia zaharrek ez dute mundu berrirako balio. Sahararrak itxaropenik gabe gelditu dira: "Libia ez dago, Aljeria aldatzen ari da eta Espainiak mina baino ez die egin. Negoziaketak izanda ere, Fronte Polisarioak gatazkan jarraitzeko asmoa du erreferendumaren egunera arte".

Mikel Reparazek, bere aldetik, Joe Biden Estatu Batuetako presidente berriaren administrazioak zein urrats egiten duen ikusi beharko dela iritzi dio. Trumpek Mendebaldeko Sahararekiko subirautza Marokori aitortu eta gero, "zaila iruditzen zait aldaketaren bat egitea, Maroko Estatu Batuen oso aliatu leiala delako, eta hori ez da Trumpen kontua, lehendik dator, Obamaren garaian Washingtonek asko estutu zituzten Rabatekin harremanak".

Espainiak jokatzen duen paperaz, Nayua Jatri Aduh-k salatu du ez duela gatazka modu politikoan konpontzeko pausorik eman, babes morala eta kanpamenduetara laguntza bidaltzen duen arren. Andoni Lubakik gogora ekarri du Marokok Espainiari presio egiteko migrazioa eta narkotrafikoa erabiltzen dituela eta baita akordio ekonomikoak ere.  Mikel Reparazek gogora ekarri du Europar Batasunaren baitan Mendebaldeko Sahararen auziak gatazka iturri ere badela.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)