Itxi

Pilar Kaltzada

'Superstizio politikoa'

Lekuen balio sinbolikoaz eta Espainiako PPren egoitza aldaketaz egin du gogoeta Pilar Kaltzadak 'Sinadura'n.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Pilar Kaltzadaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Soldadutza derrigorrezkoa zen garaian, adiskide batek 18 hilabete egin zituen Murtziako Kartagena hiriko kuarteletan, etxera etortzeko baimenik gabe, 14 eta 18 ordu arteko goardiak eginez…  komunaren aurrean, zutik.

Bueltatu zenean kontatu zigun, bera barrutik txikituta eta gu, sinistu ezinik.

Komun horretako leihoa zaintzapean jarri zuen ejerzituak, bertatik salto eginez gazte batek bere buruaz beste egin zuelako. Gazte gaixoa ezin zigortuta, komuneko leihoa bera zigortu zuten eta soldadu kideak, suizidioa ez zutelako eragotzi edo, zaintzara kondenatu zituzten.

Lekuek balio sinboliko handia dute: errealitatearen metafora bihurtzen dira,  pentsamendu superstiziosoaren jokaleku.

Partidu Popularrak gainbeheratan dihardu aspaldian, berritu ezinda eta hauteskundeetara doan bakoitzean mehetuz eta mehetuz. Kataluniako hauteskundetako emaitza penagarrien inguruan erabakiren bat hartuko ote zuen jakiteko zain ginela iragarri dute mugimendu definitiboa, baina nire harridurarako ez da mugimendu politikoa, mudantza  baizik.

Murtziako komuneko leihoa zigortzea absurdoa iruditzen bazaizue, nola kalifikatu alderdi batek bere egoitza dimititzera behartzea?

Ustelkeriaren habia izan den egoitzatik alde eginda, ustelkeriaren zantzu oro desagertuko dela uste izatea xaloa dirudi, ez oso errealista, behintzat.

7 solairuko eraikina da, Madrilen zentro-zentroan kokatuta, Genova kalean. 150 autoetarako parkina du azpian, eta goialdean, gauzak ondo doazenean, hauteskunde-garaipenak ospatzeko moduko terraza ederra. 36 milioi euroko inbertsioa egin zuen alderdiak bulegoak egokitzeko, paper txikigailuak barne. Zein solairutan kokatuta dagoen ez dakigu".

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)