INDARKERIA MATXISTA
"Kosta egiten zait gizonenganako konfiantza berreskuratzea"
Indarkeria matxistaren biktimak erreparatzeko gida sortu dute Emankundek eta Eudelek. Proiektuaren arduradunak, berdintasun teknikariak eta indarkeriaren biktimen ahotsak, 'Faktoria'n.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
"Ez nuen lorik egiten, ez nuen jaten... uste nuen errua beti nirea zela". Indarkeria matxistaren biktima baten hitzak dira, azken sei urteetan bizitako prozesuaz galdetuta. Duela bi urte bikotekidea salatu eta auzibidera jo zuenetik, jasandako tratu txarren bizipenak behin eta berriz kontatu behar izan dizkie psikologo, psikiatra eta mediku forentse andanari. "Nekagarria da", dio emakumeak. Orain, ez da gizonez erabat fio eta berehala ohartzen da tratu txarrerako joera duten pertsonez: "antzeko zerbait ikusten badut, esaldi bat edo portaera bat, ihes egiten dut". Hala ere, familian, lagun artean eta udalerrian jasotako babesak indarra eman dio aurrera egiteko: "beste emakume bat naiz" eta mezu bat luzatu die indarkeriaren zurrunbiloan bete-betean dauden emakumeei "gogorrak izan, ez utzi, bestela eurek irabazten dute".
Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrientzat tresna praktiko izateko helburuz, indarkeria matxistaren biktimak erreparatzeko gida osatu dute elkarlanean Emakundek eta Eudelek. Lan honen inguruan jardun duten pertsonek azalpenak bildu ditu Euskadi Irratiak. 'Faktoria' saioan izan dira Eukene de Miguel gidaren koordinatzailea, Sandra Barrenetxea Andoaingo Udaleko berdintasun teknikaria eta Roberto Moreno erasotzaileen sentsibilizazioaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzako Gakoa programako arduradun ohia. Besteak beste, indarkeria matxistak etxean uzten duen arrastoa, zeharkako biktimak, plaza publikoan emakumeei eginiko aitortzaren garrantzia eta ahalduntze eskolak izan dituzte hizpide, erreparazioari lotuta.