Hasier Arraiz
'Plot-twist'
Gasteizko udalean izan den "gidoiaren bat-bateko aldaketa sakona" izan du abiapuntu Hasier Arraizek bere 'Sinadura'n.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Hasier Arraizen 'Sinadura' "Faktoria"n.
"Nerabeak izateari utzi genion, besteak beste, gure bizitza film bat bezalakoa izango ez zela ohartu ginenean. Eta bizitza film bat izatekotan, geurea, jende arruntarena prekarioan jardun eta eskas kobratu zuen gidoilariak idatzi omen zuen. Gidoia kaskarra izan arren, bizitzan aurrera egiteko lerro oker batzuk geneuzkalakoan, a ze atsekabe bat-batean dena hankaz gora jarri eta aurrera segitzeko abiapuntu berri bat asmatu behar dugunean. Zinema munduan “plot twist” deritzote gidoian bat-bateko aldaketa sakona gertatzeari.
Bat-batean, norbaitek gidoia aldatzea erabakitzen du, ala supituki, ez dago gidoi arrastorik, amaitu omen da eta inprobisatzen hasi behar dugu. Askotan pertsonaia mugimendua egoten da, batzuk agertzen eta beste batzuk eszenatik desagertzen dira Deigarriagoa da, ordea, pertsonaien baitakoa aldatzen denean, orduan gaiztoa ez omen da horren gaiztoa eta zintzoa ez da horren zintzoa. Halere, horiek dira pertsonaiarik onenak, sinesgarrienak, pertsonak ere horrelakoak garelako: aldakorrak eta inork ezagutzen ez dituen alde ezkutuekin.
Ehunka gizakiz osatutako egitura handi batean denbora luzez jardun nuen eta batzuetan giza kondizioa deritzogun horretaz ia dena nekiela uste nuen. Pentsatzen nuen edozertarako prestatuta nengoela, giza espezimenek ezin ninduketela honezkero harritu. Baina, ez da egia. Oraindik jendeak maiz egiten dituen “plot twist”-ek, bat-bateko gidoi aldaketa horiek harritzen eta batzuetan erabat deskolokatuta uzten naute. Agian horregatik giza kondizioa izen misteriotsu eta iradokitzailea eman diogu, etengabean geure buruarekin harritzera kondenatuta gaudelako. Aitzitik, beste pertsona batzuk protagonista dituzten “plot-twist”-ak gertatzean, edo haien alde ilunak proiektatzen direnean, benetan beldurtzen nau nire “plot-twist”-a noiz eta nola etorriko den ez jakiteak, baita ni oraindik nire alde ilunen jabe ez izateak ere.
Eta halere, batzuetan “plot-twist” baten esperoan geratzen naiz, norbait politikaren gidoi aspergarria aldatzeko gai izango delakoan, batzuk torturaren aurrean behingoz zinismoa baztertuko eta haien ardura bereganatuko dutelakoan, ala Gasteizko alkatetzan jarri zuen arerio politikoaren akatsaren aurrean, Gorka Urtaran jaunak jendetasun pixka bat erakutsiko zuelakoan. Baina, ez, euskal politikan ez dago “plot-twist”-ik, eta batzuetan gizatasunik ere ez".