Itxi

Eneko Axpe

"AstraZeneca txertoa hartu baduzu, lasai; eta bigarren dosia har ezazu"

Garazi Urdanpilleta | EiTB Media

Eneko Axpe zientzialariaren hitzetan, ez dago "ebidentzia zientifikorik" txertaketa etetea arrazoitzeko. "Domino efektua"ri egotzi dio hainbat herrialdek hartutako erabakia.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Eneko Axpe zientzialariak argi eta garbi hitz egin du "Faktoria"n: Gaur egun, ez dago ebidentzia zientifikorik kausalitaterik topatu duenik AstraZeneca txertoa hartzearen eta tronbosi kasuen edo biriketako enbolismoen artean. Beraz, txertoa jada hartuta dutenei "lasai" egoteko mezua helarazi nahi izan die, eta bigarren dosia hartzeko deia egin. Estatistikoki, covid-19agatik 100 pertsonatik 1 hiltzen dela kontuan hartuta, txertoa hartzeak ez hartzeak baino onura handiagoa duela nabarmendu du.

Izan ere, Axperen arabera, garrantzitsua da albo-ondorien marra goian jartzea babes-mailari dagokionez, eta zuhurrak izatea beharrezkoa da, baina "zientzailarientzat harrigarria da hainbat herrialdetan txertaketa bertan behera uztea". Munduan 17 milioi pertsonak jarri dute AstraZenecaren txertoa, eta horietatik 15ek izan dituzte tronbosiak eta 22k, berriz, biriketako enbolismoak. "Hau da, estatistikoki, kausa naturalengatik espero behar litzatekeen portzentajea baino kopurua baxuagoa" dela azpimarratu du zientzialari bizkaitarrak. Are gehiago, Munduko Tronbosi elkarteak berak ere adierazi omen du ez duela zentzurik txertaketa eteteak.

"Domino efektuari" egotzi diote bai Axpek, bai Uxune Martinez zientzialariak, Europako hainbat herrialdek txertaketa etetearen arrazoia, eta, lehena iragarpena egitera ere ausartu da: "bi aste barru AstraZenecarekin txertatzen ariko gara".

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)