Itxi

Pilar Kaltzada

'Langileak eta lan-eskubideak'

Uber plataforman lan egiten duten gidarien lan-eskubideen sententzia izan du abiapuntu Pilar Kaltzadak 'Sinadura'n.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Pilar Kaltzadaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Erresuma Batuko Uber etxearen plataforman lan egiten duten gidariek langiletzat hartu beharko ditu konpainiak. Atzoko egunez sartu zen indarrean auzitegiek emandako mandatua. Langileek lan-eskubideak izango dituzte, beraz: oinarrizko soldata aitortuko zaie, orduko 10 bat euro inguru eta oporrak izateko eskubidea aldarrikatu ahali izango dute. Oraingoz han, Uberrek Europan duen merkaturik handienean, baino ez dira aplikatuko neurri hauek, bertako Auzitegi Gorenak harako jurisdikzioa baino ez duelako, baina ikuskizun da zer gertatuko den hemendik aurrera konpainiak zabalik dituen antzeko auzibideetan. Kaliforniako Auzitegietan kasu bera aztertzen ari dira eta Europar Batasuneko konkurrentzia-agenteak aspaldidanik ari dira Uber eta gainerako eragile digitalen atzetik, aldaketa beraren peskizan.

Hotelik ez duten plataformatan alokatzen ditugu hoteleko gelak, edo alokatzen genituen oporretara joaten ginen garaian, hegazkinik ez duten hegazkin-konpaietan bidai-txartelak erosita. Kazetaririk ez duten albiste-plataformatan irakurtzen ditugu albisteak. Zernahi saltzen digute ezertxo ere produzitzen ez duten online saltoki erraldoiek.

Guztiek abantaila berak baliatzen dituzte: bizkortasuna eta irisgarritasuna. Hori eta gure xalotasuna eta kontsumo-egarri asezina. Eta guztiek baliatzen dute negozio-eredu bera: bitartekaritza. Bitartekari dira, produkzioaren kostua bere gain hartu gabe eta salmentaren onurez baliatuta, mundu mailako sare ulergaitzean ezkutatuz, gainera, irabaziak lortzen diren tokietan zergarik ez ordaintzeko.

Teknologiak eskura jarri dizkigun aukerez baliatuz sortu dira ordura arteko negozio-ereduak zartatu dituzten plataforma hauek eta garapena zelakoan, onartu egin dugu oinarrizko eskubideetan atzera egitea, guk, plataformen eredu berari jarraitzen diogulako: abantailez baliatzen gara, inongo kosturik hartu gabe.

Hurbilago gaude XXI. mendeko lehen laurdena betetzetik XIX. mendetik baino,  eta hala ere, albistea da gaur langileei lan-eskubideak aitortu izana. Dena ondo, aizue".

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)