Mikel Irizar
'Deliberazioa'
Politikarien atzean dauden aholkulariek erabaki instituzionaletan duten pisuaz gogoeta egin du Mikel Irizarrek 'Sinadura'n.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Mikel Irizarren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Duela egun gutxi irakurri nuen esaldi ikaratzeko hau: “Inkesta irakurlek gobernatzen gaituzte” Agintari titularren hurbilean, eta sarri ilunpean, aritzen diren kabinete buru, demoskopian aditu, komunikazio aholkulari eta abarrez ari zen artikulua; eta zuzenean salatzen zuen pertsona ezkutu horiek duten pisu gehiegizkoa erabaki instituzionaletan. Haiek gobernatzen gaituztela esateraino.
Famatuenetako bat Steve Bannon izan da, Trump-en jokaldi askoren ustezko asmatzailea. Auskalo geroztik non eta zertan dabilen! Beste adibide bat: une honetan Madrilen jokatzen ari den gudua, aztertzaile finenen esanetan, ez da ulertzen ez bada eskrima ariketa moduan Miguel Angel Rodriguezen eta Ivan Redondoren artean; bai, hain zuzen, Ayuso eta Sanchezen inkesta irakurleak. Eta hauek ezagunak dira, agerikoak; beste batzuk, ezkutuagoak izango dira, ez baititugu ikusi ere egiten. Ez dakit zer den hobe.
Beno, bai. Hobe litzateke beste gobernantza estilo bat. Gardena, irekia, interes talde ezberdinen arteko deliberazioan oinarritua. Badakit ikuspegi zerutiarra dela, norbaitentzat inozoa ere bai; eta errealistagoa dela boterearen logika onartzea, ezagutzea, eta logika horren baitan zinismoz jokatzea, azti, norbere helburuen alde. Hala ere, nik deliberazioa aldarrikatzen dut. Interesa daukan edonork iritzia emateko aukera izan behar du, eta iritzi truketik atera behar da talde borondatearen norabidea. Ez diezagula zinismoak eguzkia estali: demokrazia eraiki zen, hain zuzen, errepublika (res publica, gai publikoak) herritarren (demosaren) arabera gobernatzeko. Eta inkesta irakurleen, eta haien jarraitzaile zinikoen gobernatzeko estiloa justu kontrako norabidean doa. Printzipio gutxi, eta garaipena helburu.
Nik nahiago deliberazio bidezko inteligentzia kolektiboa. Konprobatuta baitago soluzio hobeak aurkitzen dituela aditurik adituenek baino".