Itxi

Hezkuntza

Euskal hezkuntza, adostasun berrien bila

Gizartea euskalduntzeko egindako ahaleginaren parekoa egin behar lukete hezkuntza eragileek orain gizarte kohesioa lortzeko. Segregazioari hesia jarri eta kalitatez heztearen beharraz aritu dira.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Azken 30 urteotan gizartea euskalduntzeko hezkuntza sistemak egin duen ahaleginaren parekoa egin beharko lukete orain hezkuntza eragileek gizarte kohesioa sustatzeko.  Segregazioari hesia jarri, inklusioa sustatu eta beste modu batean kalitatez hezteko erronkari eusteko orain da unea, "Faktoria"k gaur hezkuntzaz egin duen saio berezian azpimarratu denez.

Atariko elkarrizketan, Hezkuntza itun baterako HikHasi-k egindako proposamena xehetu du Xabier Sarasuak eta iritzi, eragile guztien elkar ezagutza eta onarpenetik, ez lukeela zaila behar adostasunera iristeak. Eta hain zuzen ere, adotasun horretarako zorua badela erakutsi dute mahainguruan eseri ditugun profesionalek. Gasteizko Aranbizkarra ikas-komunitateko zuzendari Irantzu Gallastegi, Iñaki Etxezarreta Arizmendi ikastolako zuzendaria, Eva Rodriguez Durangoko San Jose Jesuitak ikastetxekoa eta Hezkuntza Kontseiluko lehendakari ohi Maria Luisa Garcia Gurrutxaga bat etorri dira zera esaterakoan: Enpririkoki frogatuta dauden prozesuetan zentratu beharra dagoela, kalifikazioetan oinarrituko ez den ebaluazio bat behar dela eta curriculum zurrun eta entziklopedikoak hautsi behar direla. Denek azpimarratu dute era berean, hizkuntza indartu egin beharra dagoela.

Gogoratu dute, nolanahi ere, hezkuntza ez dela soilik eskolaren egitekoa eta inguru osoak inplikatu behar duela prozesu horretan. Zaila bada ere, lor litekeela uste dute eta horrek ekarriko duela aberastasuna. Hain zuzen ere, gako horretan egin dute era berean, eskola eremuan gertatzen ari den segregazioari buruzko irakurketa. Garcia Gurrutxagak iritzi dio "gizartearen isla" dela eskoletan gertatzen ari dena eta Irantzu Gallastegik gehitu, "oso kezkatuta" dagoela gizartean segregazioaren inguruan gertatzen ari den banaketarekin: "Gurpil zoro bat ari gara sortzen. Eta elkarrekin egonda bakarrik aldatuko dugu mundua ikusteko modua", esan du. Iñaki Etxezarretaren arabera, mekanismoak aktibatu behar dira banaketa berdinzale bate egiteko eta sustatu egin behar da eskolak duen indar eraldatzaileari: "Eskolak sekulako eragina du gizartea eraldatzeko eta, era berean, gizarteak parte hartu behar du hezkuntza prozesuan. Eskolak jarri behar du daukan gaitasun eraldatzaile guztia eta administrazioak jarri behar ditu bideak". Eva Rodriguezek, erantsi du, gizarte hitzarmen bat behar dela gaiaz: "Asko hitz egin behar dugu; bereziki, entzun egin behar dugu eta ez bakarrik gure eskoletara begiratu".

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)