BURUKO GAITZAK
Ayron Ramirez: "Depresioa gainditzen lagundu didan proiektua da La crème podcasta"
JOn Artano | EiTb Media
Sukaldaritzarekiko pasioak bizi du Ayron Ramirez. Grina hori nola piztu zitzaion eta gastronomiaz edukiak sortzen nola hasi zen kontatu du. Depresiotik irteteko helduleku da beretzat podcastgintza.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Duela urte batzuk Palermora joan zen, Erasmus, diseinu grafikoa ikastera; Sizilian ziaboga egin eta gastronomiarantz bideratu zen Kolonbian jaiotako gazte arrasatearra. Munduko sukaldaritzari emandako podcast batean jarria du, azken hilabeteetan, bere ilusioa eta bere lana. Bien bitartean gora-behera handiak bizitzea tokatu zaio. Iazko udazkenean depresioa diagnostikatu zioten. Ahobizarrik gabe kontatu du nola bizi izan duen gaitza, eta nola egin duen bidea depresioa atzean uzteko.