Markel Intxaurbe Onaindia
"30 urtean izan dudan ikaslerik onena da Markel"
Europa mailako Anna Amelia gitarra lehiaketa ospetsua irabazi du Markel Intxaurbe Onaindia, 13 urteko ikasle Bilbotarrak eta Jesus Melchor bere gitarra irakaslearekin hitz egin dugu Faktorian.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga kontserbatorioko ikaslea da Markel Intxaurbe. Duela lau urte hasi zen gitarra ikasten eta astean ordubeteko klasea izaten du. Etxean egunean ordubetez aritzen da jotzen. Jesus Melchor irakasleak argi du "30 urtean izan dudan ikaslerik onena da, behin esanda nahikoa izaten da, goi mailako gaitasunak ditu". "Nik ikasleak pikatu egiten ditut, erronkak jartzen dizkiet, zailtasunak jarri" esan digu Melchorrek eta Markel "pikatu" egiten da. Horrela gertatu omen zen duela bi urte, kontserbatorioak berak antolatzen duen lehiaketa batean. Bere adineko Txinako gitarra ikasle batzuk ikusi eta entzun zituen Agustin Barrios-en "La Catedral" jotzen eta txunditzeaz gain, pikatu egin omen zen. Pieza hori izan da, besteak beste, Europa mailako Anna Amelia lehiaketa ospetsura aurkeztu duenetako bat. Aurkeztu eta irabazi.
Elkarrizketarako proposamena egin diogu Markeli berari baina ez du nahi izan, "lotsagatik". Irakasleak esan digu, baietz, oso lotsatia dela, baina gitarra hartzen duenean handitu egiten dela eta batez ere kontzertuetan, "jotzen duena sentitu egiten du" .
Bilboko Miribilla auzoko Urretxindorra ikastolan DBH-ko lehenengo mailan dabil Markel Intxaurbe Onaindia.