Aztarnariak, aldi berrian
"Arakatzea zorroztu egin behar da. Are eta gehiago gauzak hobera doazenean"
JOne Larrañaga | EITb Media
Oier Ateka mediku eta covid-19ko liburu zuriaren egileetakoa denak arrisku faktoreak zorroztu behar direla azpimarratu du. Aztarnariek ez dute atzeman irekieraren osteko joera aldaketarik.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Arakatzaileek ez dute antzeman oraindik neurri murriztaileen amaieraren ostean pandemiaren kurba aldatu egingo ote den. Kasuek behera egiten jarraitzen dute eta horrek hobeto lan egitea ahalbidetzen ari die kasu positiboen arrastoa jarraitzen ari diren profesionalei. Lucia Etxeberria Nafarroako aztarnariak dioenez, "lana findu" eta isolatuta daudenei jarraipen zorrotzagoa egiteko modua eman die horrek. Joserra Bardeci Debagoieneko aztarnarien koordinatzaileak azaldu duenez, "datuak behera doazenean, aztarnarien lana erraztu egiten da" baina zain daude datozen egunetan zer gertatuko: "Mugak zabalduta erlazio gehiago dago eta kontaktuen zerrenda handitu egin da. Positiboak ez dira gehitu baina zain gade noiz izango den eta zein kopurutan izango den, hortxe daude dudak", zehaztu du. Bai Etxeberriak eta baita Bardecik ere zehaztu dute aurreko aldietan ez bezala, faktore diferenteak daudela orain: gero eta lagun gehiago dago txertatuta, alde batetik; eta bestetik, gero eta zailagoa da jendeak isolamenduak ondo bete ditzan.
Aztarnariek egin duten esfortzua "itzelezkoa" izan dela aitortu arren, Oier Ateka Donostiako ospitaleko medikuak azpimarratu du ezinbestekoa dela gaisotasunaren arrastoa jarraitzeko modua zorroztea. "Are eta gehiago gauzak hobera doazenean", azpimarratu du. Besteak beste, arrisku faktoreak zein diren ikusi behar direla dio eta kutsatzeen eremu komunitarioak aztertu behar direla dio.
Zorroztasun hori bera behar da, Atekaren arabera, txertaketa kanpainan aurrera egiteko ere. Adierazi du pandemia honetan hilkortasun tasa handiena 60 urtetik gorakoen artean ematen den arren, adin tarte horretan oraindik badela jendea dosirik jaso ez duena. Gaineratu du pobrezian eta pilatuta bizi direnak eta etxeetan nagusiak zaintzen ari direnak txertatu egin behar direla ahalik eta azkarren eta berdin patologia kronikoak dituztenak ere.