Mikel Reparaz Ceutako krisiaz
"Marokok nahi du Europak Marokoren subiranotasuna aitortzea Saharan"
Pilar Goya | EiTb media
ETB-ko nazioarteko adituaren iritziz bestalde, "Turkian Erdoganek bezala jokatu nahi du orain Rabateko gobernuak, Europar Batasunarekin migrazio akordioren bat lortzeko. Maroko indartuta dago".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Mikel Reparaz ETBko nazioarteko adituak giltzarri jo du pasa den abenduan Donald Trump Estatu Batuetako presidente ohiak Saharan Marokoren subiranotasuna aitortzeko egindako urratsa Rabateko gobernuaren oraingo jarrera ulertzeko: "Ikaragarrizko babesa izan da nazioartean Marokorentzat, diplomatikoki, militarki eta ekonomikoki. Trump joan da eta Bidenek ez du atzera urratsik egin eta ez du politika hori aldatuko. Bidenek argi utzi du ez duela Marokoren aurkako adierazpenik egingo, bi herrialdeentzako ezinbestekoa delako duten harreman pribilejiatuari eustea".
Reparazen aburuz, "orain, Marokoren helburua da Europar Batasunak babes hori aitortzea Estatu Batuek egin duten bezala baina talka handia dago Europarekin, Sahararen auzian, merkataritzan, arrantzuan....baita migazioaren inguruan ere".
Migrazio arloari dagokionez, ETBko nazioarteko adituak uste du Rabatek Erdoganek Turkian egindakoa kopiatu nahi duela: "Erdoganek duela hilabete batzuk ateak zabaldu zituen errefuxiatu siriarrak Europan sartu zitezen. Zertarako? Migrazio akordio bat lortzeko Europar Batasunarekin. Hori bera litzateke neurri batean, orain Marokorekin ikusten ari garena".