Itxi

Julen Orbegozo

"Burusoil"

Perpektibak, covid-19aren errelatoa eta Bildarratz sailburuak iragarritako ikasturte berriaren hasiera uztartu ditu Julen Orbegozok 'Sinadura'n.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Julen Orbegozoren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Zera esan dit gure semeak, nire buruko zulo batzuetan ez daukadala ilerik. Eufemismo bat, zahartzen ari naizela esateko. Eta kezkatu naizela ikusi duenean, lasaitzeko asmoz edo, bota dit:

-          Lasai aita, buruko gainekaldean dauzkazu zuriuneak eta hor goian ez dizkizu inork ikusten.

Lehenago edo beranduago, banekien hasiko zela nire burugain edo koronilla husten edo soiltzen. Eta, banekien, lehenago edo beranduago, sei urte egingo dituen semearekin bizitzaz eta bizitzeaz serio berba egiteko garaia helduko zela.

Eta hara, pasarte honekin berak erakutsi dit niri zer den perspektiba ezberdin bat izatea. Perspektiba, fokoa, enkuadrea…

Konturatu naiz bakoitzak berea daukala, eta heltzen goazen heinean soilik ikasten dugula gure begiek ikusten dutena gure errealitatea dela, soilik gurea. Alegia, nire semearen lagunek nire burugaineko soiltasuna ez ikusteak zentrimetroekin du zerikusia, ez errealitatearekin.

Perspektiba kontua, beraz.

Eta perspektiba kontuekin gatozela, badirudi ipar hemisferioan, bereziki, perspektiba positiboak ari direla gailentzen azken egunotan. Covid-19aren errelatoak aldaketa nabarmena izan du. Sektoreka, esaterako,

-          Futbol zaleak zelaira itzuliko dira

-          Tabernariak normaltasuna berreskuratzeko

-          Eta txokoetako erabiltzaileak hasi dira presionatzen tripa-festa tradizionalak leheneratzeko". 

Baita herrialdeka ere:

-          Katalunian eta Galizan hasi dira musukoari ostikada ematen

-          Italian, etxeratze agindua kentzeko pauso batera daude

-          Frantzian, tabernetako terrazak ireki dira

Baina bada, herri txiki menderakaitz bat, Iberiar penintsularen iparraldean, zeinean perspektiba aldaketarik oraindik ez den aurreikusten.

Onartu behar dizuet, nire perspektiba honetatik, burua ilez husten ari zaion aita baten perspektibatik, alegia, kezkatuta jarraitzen dudala gure herrialdeko agintariek egin duten kudeaketarekin eta izaten ari diren perspektibarekin.

Joan zen astean Bildarratzek, Hezkuntza sailburuak, esandakoak, esaterako, oraindik ditut ariman iltzatuta:

-          Datorren ikasturtea aurtengoaren antzekoa izango da: gelak, musukoak, distantziak, burbuilak, pcr-ak barra-barra, arrimatzeko eta ozen abesteko debekuak, desinfekzio masiboak, ezer ukitzeko ikarak,  termometroak, eskoletan sartzeko protokolo kastristak…   

Esperantza daukat kudeatzaile baten perspektibatik esan zituela esandakoak; aita baten perspektibatik nekeza delako ikustea, beti, haur, nerabe eta gazteak direla, ezer egin gabe, gehien ordaintzen dutenak.

Eta esperantza daukat datorren ikasturtean gure eskoletan neurrietan atzera egitea. Seinale ona izango da, ondo egin duten, ondo egin dugun, seinale.

Dena delakoarekin, agian kezka hauek zerikusi handiagoa dute buruan ditudan ileekin, errealitatearekin baino, batek daki".

 

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)