Amagoia Gurrutxaga
"Injustizia poetikoa"
Bidasoa ibaian hildako Boli Kostako gizonezkoaren heriotzetik abiatuta, migrazioaren dramaz gogoeta egin du Amagoia Gurrutxagak 'Sinadura'n.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Amagoia Gurrutxagaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Zarauzko Azken Portu auzoan bizi naiz aspaldi. Duela oso gutxira arte, ez dut jakin guretik 40 kilometro eskasera beste azken portu bat zegoenik. Marka da, baina migrante bik hil behar izan dute han, badenik ere jakin dezadan. Eritrearra zen lehena; joan den hilean egin zuen bere buruaz beste Irungo Azken Portu kiroldegi atzealdean, bere 21 urte desesperatuekin, parez pare zeukan Hendairaino iritsi nahi eta ezinak akituta.
Larunbatean, Boli Kostako gizaseme bat gorpu agertu zen Bidasoako uretan, Hendaiarainoko bidean abiatua zen hura ere. 28 urte zeuzkan, hala esan zuten eguerdiko albistegietan. Esan zuten, baita ere, adingabe beltz bat itolarrian atera zutela ibaitik, Lapurdiko aldetik. Irunera bueltan bidali zuten jendearmeek, legez babesa eman beharko lioketen arren. Larunbateko albistegietan, Espainiako Atzerri ministro Arantxa Gonzalezen hitzak ere aireratu zituzten. Marokotik Espainiaren agindupeko lurretara joan den astean pasatutako milaka gazteei buruz aritu zen Donostian. Migranteak karriatzen dituzten “mafien” kontra jo behar dela nabarmendu zuen. Migranteen azken portuak mafien esku baleude bezala, eta ez kolore guztietako uniformatuen eta migrazio politiken menpe. Politika horiek gure artean bizi diren milaka pertsonaren eskubide eta babes eza betikotuko ez balituzte bezala.
Sarritan aipatu ohi dugu justizia poetikoa. Injustizia poetikoa ere existitzen da. Irungo Azken Portun ederki suma zitekeen atzo, Harrera Sareak deitu zuen elkarretaratzean. Hendaia ageri zen parez pare, Bidasoaz bestaldean. “Ez dadila hau heriotzaren muga izan”, esan zuten ekitaldi amaieran. Zertarako poesia, izan ere, azken portuak ere jendea onik lehorreratzeko gune izan daitezen nahi ez badugu?".