Itxi

Eneko Axpe

"AstraZeneca edo Pfeizer aukeratuta ere, bigarren dosia hartu bai ala bai"

Garazi Urdanpilleta | EITB Media

Axperen arabera, denbora faktorean dago gakoa, AstraZenecaren 2. dosia hartuta pauta garaiz betetzea ez baitu bermatu Jaurlaritzak. Uxune Martinezek dio azken hileko erritmoan ez dela arazorik egongo.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

EAEn eta Nafarroan, populazioaren % 10 dago AstraZenecaren lehen dosia hartuta eta bigarrenaren zain, eta horiei dei garbia egin die Eneko Axpe zientzialariak "Faktoria"n: "ez geratu dosi bakarrarekin, hartu bigarrena", dena delakoa izanda ere, "ebidentziak bai baitaude kasu guztietan ematen duela bigarren dosiak babes handiagoa".

AstraZenecaren 2. dosiari dagokionez, ebidentzia zientifiko asko dago, Axpeeren arabera, hori hartuta kasuek, ospitaleratzeek eta heriotzek bortizki behera egiten dutela erakusten dutenak, eta, horretarako, Erresuma Batura begiratzea besterik ez dago. Gainera, oso segurua dela azpimarratu du, tronbosi kasuak "oso-oso arraroak" izan direlako.

Gakoa denbora faktorean datzala aipatu du, Jaurlaritzak adierazi baitu ezin duela bermatu 2. dosia garaiz iritsiko denik. Ikerlanen arabera, 12 astekoa da epe hori, baina Kanadan, esaterako, 16 astera atzeratu dute eta ondo funtzionatu du; hortik aurrera ez dagoela ebidentzia zientifikorik aipatu du. Edonola ere, Uxune Martinez zientzia dibulgatzailearen arabera, azken hilabetean AstraZenecaren txerto iritsierak izan duen erritmoa mantenduz gero, "suposatzen da ez dela arazorik egongo pauta betetzeko".

Pfeizer hartuta, berriz, denbora faktorean ez litzateke arazorik izango eta pauta garaiz betetzea bermatuta egongo litzateke.

AstraZenecaren hornidurarekin izandako arazoen zergatia "Europako goi esferetako guda komertzialak" azaltzen duela azpimarratu du Eneko Axpek. Gainera, bigarren dosia aukeratzeko erabakia jendearen esku utzi izana ez du egokitzat jo, adituek hartu beharrekoa dela uste baitu. Pfeizerri uko egin eta AstraZenecaren 2. dosia hartzearen alde egiten dutenei Jaurlaritzak sinaraziko dien agiriari lotuta, azkenik, aipatu du alderantziz behar lukeela, hau da, Pfeizer hartzeagatik sinatu beharko luketela baimen informatu hori, lehen dosia jaso zutenean ez baitzitzaien bigarren dosia beste etxe batekoa jartzeko aukerarik planteatu.

Albisteak (5)

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)