Amorebieta Futbol Taldea
Iñigo Orozko: "Ez zegoen nire planetan, baina futbolari profesional izango naiz"
Oihane Egurtza | EITB Media
Ofizioz irakasle eta afizioz futbol jokalari izan da, orain arte, Iñigo Orozko donostiarra. Amorebietarekin Bigarren Mailara igota ordea, bizitza berri bati ekiteko ilusioz beterik dago.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
"Txikitatik izan naiz futbolzalea; txikitatik lagunekin playerotan hasi eta gaur arte; baina futbol jokalari profesional izatera iristea ez zegoen nire planetan! Nahastuta nago, ezin sinistuta, izugarria baita lortu duguna". Begiek diz-diz egiten diote oraindik Iñigo Orozkori, joan den asteburuko balentriaz hitz egiten duenean. 28 urterekin iritsi zaio betiko ametsa betetzeko unea: Amorebieta taldearekin Liga Profesionaleko bigarren mailan arituko da heldu den denboraldian.
Oraindik ere Biologia eta Geologia irakasle dabil Andoaingo Leizaran Institutuan, eta hantxe izan da Euskadi Irratiko Faktoria harekin solasean.