Itxi

Amatiño

"Balio errepublikanoak"

Kataluniako auzia eta balio errepublikanoak izan ditu hizpide Amatiñok 'Sinadura'n.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Amatiñoren 'Sinadura, "Faktoria"n.

"Pere Aragonès Kataluniako president berriak balio errepublikazaleak goretsi ditu karguaz jabetzerakoan, Kataluniako Ezkerra Errepublikanoaren tradizioa gogoraraziz, aurretik izan ziren Macià, Companys eta Tarradellas presidente errepublikarren gomutaz.

Ondo dago Kataluniako errepublikanismoa gogoratzea, baina ez dakit ba nik momenturik aproposena bizi ote dugun egunotan, errepubliken balioak eta onurak, batere ñabardurarik gabe, aldarrikatzeko. Izan ere, azken egunotan Frantziako euskaldunak, bretoiak, okzitaniarrak, korsikarrak eta katalanak asaldatu egin dira errepublikak zenbait hizkuntza-eskubide ukatzen dizkielako. Gutxi, gero, munduan, Frantziakoa baino errepublika peto-petoagorik baina, hala ere, ez ditu, itxuraz, errazten errepublika ez diren beste zenbait sistema demokratikotan bideratzen diren eskubideak.

Edozein modutan, Katalunia ez da, antza, askorik fidatzen Frantziako errepublikaz. Gogoan izan, Puigdemontek alde egin zuenean Espainiatik, ez zuela errazena egin, muga gurutzatu eta Ipar Katalunian geratu, Belgikaraino ihesi joan baino, nahiz Frantzia errepublika izan eta Belgika, ostera, ez. Belgikako monarkia Frantziako errepublika baino seguruagotzat jo ote zuen?

Katalunian urteak daramatzate independentzia dela eta ez dela. Batek daki zer gertatuko den, baina gaur egun dagoen eredurik jarraigarriena Eskozia baldin bada, gutxienez gogoratu beharko, Britainia Handia ere ez dela errepublika. Pere Aragonèsek imajinatzen al du Eskoziaren parekorik Frantziako errepublikaren barruan?

Segurutik errepublikanismoak balio asko eta onak ditu, baina ezin burutik kendu errepublikanorik tipikoena Trump dela, eta oraintsu hegazkin komertzialak eta bere gustuko ez diren kazetariak zeruan harrapatzeari ekin berri dion Lukashenko buruzagi pirata bielorrusiarra ere errepublikanoa dela.

Mundua zelan dagoen ikusita, balioak laudatzen hastekotan, fidagarriagoa iruditzen zait ardatza demokrazian jartzea, errepublikan baino. Demokrazia hiritar guztien gobernu-modua da; errepublika, berriz, sistema politiko bat baino ez. Eta ez, beti, minorien defentsarik amorratuena".

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)