Jokin Bildarratz
“Burbuilak gelatik mailara zabal daitezke egoera hobetuko balitz”
Izaro Insausti | EITB Media
Ikastetxeetako prebentzio neurriak antzerakoak izango direla aurreikusten du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak. Protokoloak aztertzeko ekainean bilduko dela zuzendariekin iragarri du
Your browser doesn’t support HTML5 audio
2021-2022 ikasturtea amaitzear dagoen ikasturtearen antzerako neurriekin hasiko dela esan du Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Protokoloan egon daitezkeen "arrakalak identifikatu eta konpontzeko" zuzendariekin harremanetan dela azaldu du sailburuak Euskadi Irratiko "Faktoria" berezian, Bilboko Unamuno Institututik. Irailean egun dugun antzeko egoeran egongo garela uste du, baina hobera eginez gero ez du baztertu burbuilak mailaka osatzea gelaka beharrean. Ikasleen txertaketak ekar dezake hori Bildarratzen ustetan, baina ez du horren berririk momentuz.
Hezkuntza Sailak jardunaldi zatikatuaren aldeko hautua egiten jarraituko duela berretsi du Bildarratzek. Hala ere, horretarako arazoak dituzten ikastetxeekin harremanetan direla azaldu du sailburuak irtenbideren bat adosteko. Presentzialtasunari eusteko ezinbestekoa izan dela irakasle, zuzendari eta hezkuntza alorreko profesionalen lana, eta beraz, eskerroneko agertu da: "Eurei esker izan da posible ikasturtea aurrez aurre gauzatzea".
Irakasleen kontratazioak, musukoak, gel hidroalkoholikoa… Baliabide asko behar izan direla aurtengo kurtsoan esan du Hezkuntza Sailburuak, unibertsitatez besteko hezkuntzan 152 milioi euroko inbertsioa eginez. Bultzada, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak bi ikasturtetan jarriko dituen 100 mila ordenagailuek emango dutela ere gogorarazi du, gaineratuz horri edukiak batu behar zaizkiola. Horri lotuta, LOMLOE legea lantzeko irakasle talde bat lanean ari dela azaldu du. Euskal Hezkuntza Legeari dagokionez, 2023ko udazkeneko datari eutsi dio sailburuak. Ildo nagusiak "identifikatuta" dituela dio, eta hezkuntza eragileekin hitz egiteko prest da behin pandemiari lotutako gaiak itxi eta gero.