Itxi

Hasier Arraiz

"Bihotzetan"

"Iraganari buruz irakurketa desberdinak dauzkagu, ia euskal herritarrak beste. Bestela, nola azalduko dio bakoitzak bere buruari berak egindakoa ala ez egindakoa?". Hasier Arraizen 'Sinadura'.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Hasier Arraizen 'Sinadrua', "Faktoria"n.

"Biktima guztiei zor zaizkie aitortza, begirunea eta erreparazioa" eta "pertsona guztiak, eskubide guztiak" bizikidetza sustatzeko funtsezko oinarriak dira. Honezkero, biak ala biak euskal gizartean adostasun ezin zabalagoak dira. Izan ere, haien gainean poliki-poliki eta kontu handiz gure etorkizuna eraikitzen hasi gara.

Zer egin bitartean iraganarekin? Bada, iraganari buruz irakurketa desberdinak dauzkagu, ia euskal herritarrak beste. Bestela, nola azalduko dio bakoitzak bere buruari berak egindakoa ala ez egindakoa? Jakina, Euskal Herrian bizikidetzak dagoeneko dauzkan bi oinarri horiek ederki asko adierazten dute norberak egin beharreko gogoeta autokritikoa eta oinarri horiek bere gain hartzeak badakar, berez, hausnarketa hori egitea, ozenki ala isil pean.

Euskal gizartea hor dago, hor gaude, elkarri begira baina begirada desberdinekin. Norbera bere lubakitik kanpo lehengo guda zelaia pazientzia eta neke handiz baratze bilakatzeko asmoz. Bat-batean, Madrildik Gasteiza etorri dira eraikin bat inauguratzera, gure bakearekin, gure baratzearekin zerikusirik ez duena. Han biktima batzuk, ez guztiak, oroituko eta aitortuko dituzte. Han biktimaz jantzitako biktimario batzuk oroituko eta aitortuko dituzte. Madrilen, Estatu hau duela 80 urte, duela 40 urte eta gaur egun gobernatzen dutenen irakurketa, iraganari buruzko irakurketa mausoleo erraldoi egin dute.

Bitartean, euskal herritar gehienek Madrilgoen gerra oihu desfasatuei kasu handirik egin gabe haien baratze lanetan segituko dute. Oteizak bere eskulturetan hutsa esanahiez bete zuen. Agian oriotarra irakurketa ofizialetan, eraikin dotore horietan gu garen hutsaz ere ari zen. Non daude, bestela, beste indarkeria batzuk jasan zituztenak? Haien hutsa besterik ez daukagu eta. Estatu horren irakurketa ofizialak ukatzen eta mespretxatzen dituen biktimek honezkero daukaten mausoleo bakarra gure bihotzetan dago.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)