Izaskun Bilbao
"Europak urtebete honetan izan duen erreakzioa mirarizkoa izan da"
Jone Larrañaga | EITb Media
"Orain baino batasun gehiago ez da askotan egon" Europan, esan du. Txertoaren banaketa eta zorraren mutualizazioaren arrakasta azpimarratu ditu eta Madrili eskatu dio funtsen kogestioa egin dezala.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Izaskun Bilbao Eusko Alderdi Jeltzaleko europarlamentariak Batasuneko erakundeek pandemiaz egin duten gestioa arrakastatsua dela azpimarratu du "Faktoria"n egindako elkarrizketan. Are eta gehiago, "mirarizkoa" ere badela iruditzen zaio. Gogoratu du materialaren kudeaketa izan zela lehenik, txertoaren ikerketa eta banaketan egindako esfortzu ekonomikoa gero, eta zorraren mutualizazioa, azkenik. Gaineratu duenez, "orain baino batasun gehiago ez da askotan egon Europan".
Bilbaoren arabera, "aste gutxiren buruan" hasiko da Next Generation funtsen banaketa eta, espero du, adibidez, Urdaibaiko Guggenheim proiektua diruztatzea ere onartuko dutela -"gustatzen zait proiektua", esan du- . Nolanahi ere, bitartekariari, Espainiako gobernuari, egin dio deia funts horien kudeaketa erkidegokin batera egin dezan. "Jarraituko dugu kontrolatzen", ohartarazi du, "nola erabiltzen dituen Espainiako gobernuak errekurtsoak eta nola banatzen dituen Jaurlaritzarekin".