Amatiño
"Imanolen kantagintzaren zahartzaro ona"
Spotifyn, 155 milioi musika-entzuleren artean Imanol dela euskal kantaririk hautatuenetakoa. Hortik abiatu du 'Sinadura' Amatiñok.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Amatiñoren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Imanol Larzabal omen da Spotify aplikazioaren baitan aukerarik gehien eskaintzen duten euskal abeslarietakoa. Gezurretan aritzeko tentaldirik ez duten algoritmoek erabaki dute, antza, hilero ordaintzeko gertu dauden 155 milioi musika-entzuleren artean Imanol dela euskal kantaririk hautatuenetakoa.
Pare bat urte barru 20 beteko dira Imanol hil zela, gure lotsarako atzerrian erbesteratua eta zendua. Baina, bere etsairik krudelenek ere nekez ukatuko dute haren kantagintzaren zahartzaro ona. Izan ere, "Zure tristura", "Izarapean", "Poeta kaxkarra", "Ausencia", "Al oído", "Ilun ikarak", "Maitiak galde egin zautan", "Lau haizetara" eta beste edozenbat kanta antologikoren interpreteari ohorezko onespena zor diogu euskal kantagintzaren urrezko zerrendan.
Lizardi, Xalbador, Mirande, Lekuona, Lete, Amuriza, Sarrionandia, Arregi, Azurmendi, Joxean Gartzia, Koldo Izagirre, Mikel Lasa etab. hartu zituen gure donostiarrak argimutiltzat. Felipe Juaristik esan bezala, "Imanolen kantuekin euskal poesiaren historia idatzi daiteke".
Euskarazko mundutik kanpo ere, Alfonsina Storni, Jacques Brel, Bertolt Brecht, Violeta Parra eta Gabriel Celaya; Neruda, Lope de Vega eta Becker, guztiak eta gehiago Imanolek gogoan izan zituen erreferentziak. Ba al da kantari aproposagorik nazioarteko erakus-lehioan, euskal aniztasunaren, tolerantziaren eta unibertsaltasunaren kriseiluari eusteko?
Denborak jartzen omen gaitu egiaren aurrean. Nabarmena zein sotil pasatzen duen Imanolen kantagintzak urteen galbahea, zein handi eta on-huts ikusten dugun, pasatu arazi genizkionak pasatarazi ondoren. Eta, halaber, zein gupidagabekoak Imanolen bizkar gainean zamarik ankerrenak kargatu zituztenak.
Ia hogei urte Imanol hil zela. Harkaitz Canok esan bezala, "gorroto zutenek ez diote barkatzen goizegi hil izana, barka-damuen sasoi epelaren aurretik". Eta, agian, "kanta eder eta hilezkor eskutada eder hura utzi izana ere ez diote barkatzen".