13/13 sumarioaren epaiketaz
Arantza Zulueta: "Ez dago inolako oinarririk gu epaitzeko"
Pilar Goya | EITB Media
Datorren astelehenetik aurrera Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten zortzi auzipetuetako bat da Arantza Zulueta abokatua. ETAko kide izan edo ETAri laguntzea leporatzen diete. Fiskalak 7 eta 19 urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu. Etzi, epaiketa salatzeko manifestazioak egingo dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
"Oso kezkatuta" daudela esan du Arantza Zuluetak, "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan, "ondo ezagutzen dugulako Auzitegi Nazionala eta bertan nola egiten diren epaiketak, frogekin nola jolasten den gero zigortuak izateko". Tokiz eta denboraz kanpoko epaiketa dela adierazi du, eta salatu du instrukzio osoan auzipetuen oinarrizko eskubideak urratu direla, "abokatuen bulegoetan miaketa ilegalak burutuz, frogatuta dauden tortura basatiak eginez eta frogak manipulatuz".
Gogora ekarri du tortura salaketak artxibatu egin zirela eta Guardia Zibilak atxilotuetako baten etxean ahaztuta utzitako agiri batean jasota zetorrela atxilotutakoei tratamendu desberdinak emateko: abokatuak ez zirenei galdeketak egiteko aginduz, akusazioak baieztatzea lortu arte. Zuluetak salatu du, bestalde, auzipetuetatik lau, bera tartean, jada epaituak eta zigortuak izan direla gertakizun beragatik eta espetxe zigorra ere betea dutela.
Zuluetak jakinerazi du Fiskaltzatik eta akusazioetatik ez dela inongo hurbilketarik edo ahaleginik izan, "Euskal Herria demokrazia, bakea eta elkarbizitza eraikitzeko beste une batean dagoela jakinda, akordio batera iristeko prest guendela esan dugun arren". Euskal alderdi politiko eta sindikatuekin izandako bilerez oso balorazio positiboa egin du eta larubaterako Bilbon eta Donostian egingo diren manifestazioetan, "herriaren babesa eta elkartasuna behar dutela" gaineratu du.