Itxi

EH Bildu

Iriarte: "Jaurlaritzak urte honetan egindakoa etsigarria eta herri honentzat frenoa izan da"

Pilar Goya | EITb MEdia

Leer en Castellano

Sanchezek egindako gobernu aldaketaz bestalde, EH Bilduko Legebiltzarreko bozeramaileak adierazi du ekintzak ikusi nahi dituztela, "orain arte gobernu horrekin ditugun eta betetzeko dauden konpromisoak betetze aldera" eta iragarri du hitza betetzen ez bada, urrutiago egongo direla.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Duela urtebete izan ziren hauteskundeak EAEn, eta Jaurlaritzaren jarduna hasi zenetik "etsigarria eta dezepzionantea" izan dela salatu du Maddalen Iriartek "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan. Urtean zehar EH bildurekin egindako elkarrizketak konpromisozkoak izan direla adierazi du: "Lehendakariak auzolana errepikatzen du behin eta berriz baina ez du horretarako aukerarik ematen". Koalizio abertzaleak aurkeztutako proposamenek ez dutela ia erantzunik jaso nabarmendu du eta adibide gisa jarri ditu pandemiaren erronkei aurre egiteko mahaia osatzeko eta Europako funtsen norabidea eztabaidatzeko egindako proposamenak.

Pandemiaren kudeaketari buruz, hain zuzen, "Jaurlaritza besoak erorita" ikusten duela adierazi du Maddalen Iriartek, ezertarako balio ez duen pandemia lege batekin eta denbora guzti honetan hartu behar ziren neurri estrukturalak hartu gabe, lehen arretan, adibidez, .

Iriartek EAJri leporatu dio EH Bildu jopuntuan izatea "badakielako alternatiba dela", eta galdera egin dio estatus politiko berriaz: "Zer nahi du EAJk udazkenean estatus berriari buruzko eztabaida abian jarriko dela esatean? Zer nahi du benetan? Orain arteko estatutua osatzea eta pixka bat hobetzea, edo benetan urrats bat egin eta estatu berri bati buruz hitz egin nahi du?". Zentzu horretan, ukatu egin du Podemos bitartekari lana egiten ari denik EH bildurekin.

Sanchezen gobernu aldaketaz, errespetuz hartzen dutela adierazi du EH Bilduko Legebiltzarreko bozeramaileak eta ministro berriak nor diren baino ekintzei begira egongo direla iragarri du: "orain arte gobernu horrekin ditugun eta betetzeko dauden konpromisoak behingoz betetzen diren ikusi nahi dugu, adibidez, lan erreforma".  Iriartek hiru arlo aipatu ditu: politika sozialak, lurraldetasunean bide berria zabaltzea eta bake bidean urratsak egitea."Hiru arlo horietan aurrea egiteko moduan jarraitzen badugu, pertsonak zein diren bigarren mailakoa litzateke", aipatu du Iriartek. Sanchezen aliantzei buruz adierazi du "PSOE badakiela euskal eta Kataluniako independentismoaren beharra duela eta bide batetik jarraitu beharko duela baldin eta bere babesa nahi badu datozen hilabete edo urtetan" eta ohartarazi du "hitza betetzen ez bada, urrutiago" egongo direla.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)