Itxi

''Bakarrik bai da bai'' legeaz

Landaida: "Sekulako lana egin behar da sentsibilizazioan, egiturazko arazo baten aurrean gaudelako"

Pilar Goya | EITb Media

Emakundeko zuzendariak gizarte osoaren eskuhartzea eskatu du emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko: "Berdintasun ezaren adierazpen latzena da, gizarte moduan dugun arazo erraldoi bat eta giza eskubideen urraketa gordina". Urtarriletik maiatzera 2.100 biktimizazio kasu zenbatu dira Euskadin.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Kasu horiek, salatzen direnak dira. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak "Faktoria"n salatu du ezkutuan beste hainbat kasu egon daitezkeela, "egiturazko arazo baten aurrean gaudelako".  Pasa den urtearekin eta itxialdi garaiarekin alderatuta datuek zertxobait gora egin dutela ikus daiteke baina ez asko. Landaidak gizartearen "inplikazioa eta  jarrera aktiboaren beharra" aldarrikatu ditu eta indarkeriari aurrea hartzeko lanaren garrantzia azpimarratu du.

Sexu gehiegikeria guztiak sexu eraso jotzen dituen legetasmoaren aurrean, Landaidak azaldu du Berdintasun Ministerioaren lege berria Istanbuleko adierazpenarekin bat egiten duen legea dela, hitzarmen horretan jasotzen delako baimenik gabeko harreman oro erasoa dela. Halare, lan asko egin beharko dela iritzi dio, sentsibilizazioan batez ere.

Berdintasunaren alde Urkullu lehendakariak aldarrikatutako euskal itunari buruz, bestalde, hura lortzeko prozesua abian jarri dutela adierazi du eta jakinarazi du 100 bat eragilek bat egin duela egitasmoarekin: "herri itun hori lortzeko daotzen 5 urterako zein konpromiso zehaztu lantzen ari gara".

Azkenik, zaintza lanei buruzko hausnarketa eskatu du: "lan karga horren banaketa desorekatuta dago eta emakumeen bizi kalitatean, hezkuntzan eta lan munduan duen presentzian eragin zuzena duelako. Zaintza lanak ikusezinak dira ordea eta ez dira baloratzen", esan du Izaskun Landaidak

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)