Elkarrizketa
Arantxa Tapia: "Estatu mailan ere segurtasun juridikoa emango digun legea behar dugu"
Jone Larrañaga | EITB Media
Ekonomiaren Garapen sailburuak estatu mailako lege bat aldarrikatu du pandemiari aurre egiteko erakundeek hartzen dituzten neurriek aterki juridiko egokia izan dezaten. Tubacexeko lan-gatazkari lotuta berriz, ondorengoa adierazi du: "Unea iritsi da eseri eta benetan aztertzeko zer gertatu den".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Espainiako Konstituzio Auzitegiaren sententziaren ondoren, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak estatu mailako lege bat aldarrikatu du, erakundeek hartzen dituzten neurriek aterki juridikoki egokia izan dezaten. Pandemiak Euskadin duen gorako joerari aurre egiteko etxeratze deialdiaren aukera aztertu dutenik ez du zehaztu nahi izan. Nolanahi ere, espero du eraginkorra izango dela kutsatzeak eteteko atzo LABI batzordeak gaueko bilkurak eteteko hartutako neurria. "Konfiantza dago herritarrengan", esan du, erantzunkizuna eta askatasuna, biak zaindu behar direla argudiatuta. Sailburuak azaldu duenez, neurri hori nola betearaziko den datozen orduotan zehaztu beharko dute, bere sailaren eskumeneko diren portuetan, adibidez, udalekin batera Jaurlaritzak osatuta dituen batzordeetan.
Pandemiaren osteko susperraldi funtsez ere mintzatu da Tapia gaur "Faktoria"n eskainitako elkarrizketan eta, ildo horretan, "definizio" gehiago eskatu dizkio Pedro Sanchezi, adibidez, autogintzarako izango diren laguntzei buruz. Bateria elektrikoen muinak ekoizteko euskal proiektuek Next Generation laguntzak jasotzeko "aukerak badaudela" esan du baina, funtsak etorri ala ez, Eusko Jaurlaritzak teknologia garatzeko egitasmoarekin aurrera jarraituko duela.
Auto elektrikoari buruz mintzatu delarik "egingarria" jo du atzo Europako Batzordeak 2050erako erregaiez mugitzen diren autoak desagertarazteko agertu zuen plana. Nolanahi ere, helburu hori lortzeko auto elektrikoak denok erosteko moduko preziotara ekarri behar direla zehaztu du eta azpiegitura sare handia osatu behar dela. "Lan asko dago egiteko", azpimarratu du.
"Tubacexeko lan-gatazka bideratzeko unea da"
Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak Tubacexeko 129 kaleratzeak baliogabetu ondoren, lan-gatazka bideratzeko unea dela esan du sailburuak. "Unea iritsi da eseritzeko eta benetan aztertzeko zer gertatu den. Hau ez da etorkizuneko bidea", iritzi dio. Argudiatu du enpresak ekoizpenera itzuli behar duela eta, bestetik, derrigorrezkoa dela langile eta enpresaren arteko harremana normalizatzea. Horretarako bi aldeen borondatea izango den esperantza agertu du.