Elkarrizketa
Eduardo Santos: "Migrazio ordenatua behar dugu, bestela egunerokoa bilakatuko da jendea itotzea"
Xiker Esnal | EITb Media
"Harresiek eta poliziak ez dute funtzionatzen Europan", Eduardo Santos Nafarroako Migrazio Politika eta Justizia kontseilariak azpimarratu duenez. Garesko pintaketez, Santosek dio ez dituela ulertzen, "mugetan gertatzen dena erakustea baitzen erakusketaren helburua".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Migrazio politika "ordenatua" eskatu du Europan, Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Migrazio Politika eta Justizia kontseilariak, Euskadi Irratiko "Faktoria"n. Europako mugak nola kontrolatu eztabaidatu ordez, migrazioa nola ordenatu behar den adostu beharra dagoela azpimarratu du Santosek: "Edo migrazio ordenatua dugu, edo eguneroko kontua izango da jendea itotzea eta harresietan ikustea".
Nafarroako Gobernuak Garesen migrazioari buruz jarritako erakusketa ibiltariak sortu dituen kritika eta pintaketen inguruan, Santosek adierazi du ez duela ulertzen jarrera hori. Migrazio Politikako kontseilariak azaldu du "mugetan gertatzen dena erakustea" zela erakusketa ibiltariaren helburua, eta "sentsibilizazio kanpaina bat" egin nahi zutela, erantsiz, horregatik ekarri zutela patera bat, besteak beste.
Horrez gain, Santos kezkatuta azaldu da gorroto delituen gorakadarekin, eta, bereziki, migratzaileen aurkako jarrerarekin. Hori bai, kontseilari nafarrak esan du bera ez dela zigor kodea gogortzearen aldekoa jarrera horiek ezabatze aldera. Honi lotuta, xenofobiaren aurkako plana egitekoa dutela aipatu du, "gorroto jarrerak non ematen diren identifikatu eta aurre egiteko".
Bestalde, bere alderdi Podemosen inguruan galdetuta, Nafarroako idazkari nagusia kritiko mintzatu da Pablo Iglesiasen lekukoari buruzko prozesuarekin. Iglesias "erreferente" bat izan dela aintzat hartuta, Santosek uste du une egokia zela militanteei ahotsa eman eta "kongresu zabal bat egiteko, ponentzia zabalekin", baina "bakarrik idazkari nagusiaren lekukoa" erabaki zela. "Aukera galdu dugu eztabaida sakonagoa egiteko", dio Nafarroako Podemosen idazkari nagusiak.