Elkarrizketa
Eneko Goia: "Gehiengo zabal batek neurriak errespetatzen ditu, baina beste batzuekin alferrik da"
Izaro Insausti | EITB Media
Alokairuen prezioak mugatzeari ez dio atera itxi Donostiako alkateak. Aztertu beharreko gaia litzatekeela azaldu du, baina Donostiak historikoki izan duela etxebizitzen prezioekin arazoa onartu du Euskadi Irratian.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Eneko Goia Donostiako alkateak etsita hitz egin du Euskadi Irratiko 'Faktoria'n, bart, Ertzaintzak Alde Zaharrean egin dituen bost atxiloketen harira. Zuhurtziaz jokatzeko eta neurriak errespetatzeko mezua herritarren gehiengoak barneratuta duela uste du, baina gutxiengo batekin "alferrik dela" dio. Portaera batzuen aurrean isunen bidez neurri gogorragoen alde agertu da, besteak beste, agenteei objektuak jaurti edota kaleko altzarietan kalteak eragiten dituztenekin.
Pandemiak turismo sektorea gogor kolpatu badu ere, abuztuko zenbaki onak azpimarratu ditu Donostiako alkateak. Udara apalago hasi bazen ere, abuztuak beste itxura bat duela onartu du okupazioa % 100era hurbiltzen ari baita. Donostia gainezka dagoen galdetuta, argitu du hiria erakargarria dela eta gerturatzen diren asko "eskursionbistak" direla. Uste du gehiegizko turismo ereduaren eztabaidarekin okerra dela, bertan ostatu hartu gabe ere gerturatuko delako jendea.
Etxebizitzen prezio garestiak betiko arazotzat jo ditu Eneko Goiak. Alokairuaren prezioa mugatzeari ez dio atea itxi, nahiz eta azpimarratu duen gaia ondo aztertu beharko litzatekeela. Espainia mailako neurria "tentuz" landu beharrekoa dela uste du "oreka bilatzea" zaila izango delako.