Kargatzen...
Itxi

Gaitzaren mundu eguna

Ainara Estanga: "Alzheimer gaixoentzat botikak bezain inportanteak dira estimulazio terapiak"

Jone Larrañaga | EITb Media

Aducanumab farmakoaren agerpena "albiste ona" dela dioen arren, Cita Alzheimerreko neuropsikologoak esan du "denbora beharko dela eraginkorra den ikusteko". Sendabiderik ez dagoen bitartean, prebentzioaren indarra nabarmendu du adituak.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Euskadin 40.000 gaixori eragiten dien gaitza da alzheimerra eta, munduko gainontzeko gaixo denen modura, euren gaixotasuna osotara sendatuko duen botikarik gabe bizi dira. Sendabiderik ez badago ere, emaitza hori lortzeko bidean zientziak egin dituen aurrerapausu itzelak nabarmendu ditu Ainara Estanga neuropsikologo eta Cita Alzheimer erakundeko talde zientifikoko kideak: "Biomarkatzaileak aurkitu dira, diagnostikoa gero eta azkarrago egiten da eta terapia farmakologikoak bezain inportanteak den estimulazio kognitiboa martxan jartzea ahalbidetzen du horrek", azaldu du.

Ildo horretan "oso albiste ontzat" jo du Aducanumab botikaren agerpena. Estatu Batuetako botiken agentziak polemika handiz onartu zuen ekainean, prozedura ez ohiko baten bitartez, botika merkaturatzea. Farmakoaren emaitzak oraindik partzialak dira eta eztabaida handia dago zientzialarien artean haren eraginkortasunaz.  "Badirudi", esan du Estangak, "gaixotasunaren progresioa moteldu dezakeela. Farmakoa eraginkorra dela ikusteko denbora beharko da eta denbora beharko du Europako Botiken Agentziak ere haren merkaturatzea onartu edo ez erabakitzeko".

Bitartean, prebentzioaren indarra nabarmendu du neuropsikologoak. Hain zuzen ere, prebentzio estrategiak lantzea izango du helburu EHUk eta CITA Alzheimer erakundeak osatu berri duten diziplina anitzeko zentroak.

2021eko EITB Maratoiak alzheimerraren ikerketaren alde dirua lortzea izango du helburu, hain zuzen ere.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)