Greba orokorraz
Garbiñe Aranburu: "Bizitza berreskuratzen ari garen honetan, mobilizazio ziklo bati ekitea garrantzitsua da"
P. G. | EITB Media
LABeko idazkari nagusiak greba orokorraz adierazi du pandemiaren aro berrian sartzen ari garen honetan, garrantzitsutzat jo dela mobilizazio ziklo berri bati ekitea Madrilen eta hemengo erakundeetan eragiteko. Urtea amaitu aurretik egin beharko litzatekeela uste du.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak pandemiaren fase berri honetako erronkez hitz egin du "Faktoria"n. Adierazi duenez, kritikoak izan dira "pandemia garaian hartu diren eta hartu ez diren erabakiekin. Sistemaren hutsuneak agerian gelditu dira, erabaki politikorik ez delako hartu zerbitzu publikoak indartzeko, lehen arreta hobetzeko eta enplegua sustatzeko".
Greba orokorraz galdetuta, Aranburuk adierazi du data datozen asteetan argitu beharko den aren, urtea amaitu aurretik egin behar dela, "Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat, Madrilen zer gertatzen den zain egon gabe. Pandemiaren beste fasean sartu garen honetan, bizitza berreskuratzen ari garenean, mobilizazio ziklo bati ekitea garrantzitsua da Madrilen eta hemengo erakundeetan eragiteko". Gainera, beste sindikatuekin partekatu dugu gogoeta, pandemiak kapitalaren eta bizitzaren arteko arrakala handitu duelako. "Erronka handiak ditugu aurrean: martxan daude lan merkatuaren eta pentsio sistemaren erreformak, aurrekontuetan ere eragin nahi dugu zerbitzu publikoak indartze eta beraz testuinguru egokia da grebara jotzeko. Orain pilota bere (ELAren) teilatuan dago", adierazi du.
Tubacexeko langileen borroka eredugarritzat jo du Aranburuk: "Euskal Herriko langileriaren historiara pasako dira langile hauek. Erakutsi du zenbaterainokoa den langileen borrokaren balioa, elkartasuna izan delako eta eskualde osoa batzea ere lortu duelako". LABek akordiotik kanpo gelditzeko hartutako erabakia argudiatu du: "Soldatak izoztea planteatu den terminoetan eta lanaldia luzatzea guztiz inkoherentea iruditu zaigu".
Pentsioen esparruan, "betiko errezetak" daudela salatu du, alegia, pentsioak murriztea. "Iraunkortasun faktorea bertan behera geldituko dela diote baina susmoa dugu izena aldatu baina izana oso antzekoa izango duen beste adierazpen bat izango dela", esan du eta azpimarratu du kotizazio topeak altxa daitezkeela, aurrekontuen eta zerga politikaren bitartez bermatu behar delako pentsio sistema publikoa, baina LABek ez du ikusten norabide horretan urratsik egiten ari direnik, eta kezkatuta agertu da etorriko diren murrizketa berriekin.
Europako funtsak
Aberastasunaren banaketaren eztabaida zabaldu behar dela dio Aranburuk. "Sistema kapitalista antidemokratikoa da, gero eta esku gutxiagotan pilatzen duelako dirua eta hori oso argi ikusten da oligopolio energetikoaren funtzionamenduarekin". Banaketa hirukoitzaren aldeko apustua egin du LAB sindikatuak horren aurrean "Trantsizio energetikoa slogan hutsean geratzea ez badugu nahi, gaur egungo produkzio eredua zalantzan jarri behar da, etengabeko produkzioan eta neurri gabeko kontsumoan oinarrituta dagoen eredua aldatu behar da". Kezkarako elementuak ere badirela aipatu du, Europako funtsen misioa, besteak beste, trantsizio energetiko horri aurre egitea dela ikusten dutelako, baina, halaber, "kapital transnazional handiek eredu produktiboa birmoldatzeko egin behar dituzten aldaketak diru publikoz finantzatzeko besterik ez direla" uste dutelako.