Elena Niño ezagutuz
Elena Niño, haur panpinazale guztiek nahiko luketen amona
Ane Albisu | EITb Media
Leire Santillan moda diseinatzaileari soberan geratzen zaizkion oihal zatiekin panpinentzat jantziak egiten ditu. Leirek Balenciagaren ukitua hartzen die haren diseinuei eta ospea ari dira hartzen.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Elena Niño Rico ezagutu nahi izan dugu gaur "Faktoria" saioan. Haren seme Gorka Zufiaurre aktorea eta alaba Sara Zufiaurre, Euskadiko Orkestrako klarinete jotzailea ezagunak dira, baina gaur ama gonbidatu dugu saiora.
Burgosko etorkinen alaba, Antzuolan jaio eta bertako kaleetan euskara ikasitakoa. Urretxuko baserritar batekin ezkondu eta baserriko lanetan aritua, esne saltzen etxez-etxe eta azoketan ere bai. "Baserritarren lanari balioa eman behar zaio" esan digu, bezeroak hipermerkatuan porruak merkeago zeudela esanaz joaten zitzaizkiola gogoratuz.
Gorka semea down sindromearekin jaio ondoren hasi zen bere bizitzako lanik garrantzitsuenetako bat, down sindromea normalizatzea. "Kosta zitzaigun subnormal hitza baztertzea, baita Atzegin bertan ere".
Sara alaba Euskadiko Orkestran jotzeko arropak egitera Leire Santillan moda diseinatzailearengana joan eta amak han soberan ikusi zituen oihal zatiekin hasi zen Elenaren azken urteotako zaletasun eta eginkizuna: bilobaren eta haren lagunen panpinentzat arropak egitea. Leire Santillanek Balenciagaren ukitua hartzen die Elenaren diseinuei eta ezustean erakusketa egin zioten Santillanen dendan, haren arropekin jantzitako panpinak erakusleihoan jarrita. Leire Santillan ere jarri zaigu telefonoan Elena Ricoren jantziak goraipatzeko.
Hona hemen Elena Ricok panpinentzat egindako jantzietako batzuk.
Panpinen jantziak