Itxi

SORTUko idazkari nagusia

Rodriguez: "Ezker independentismoak ez die entzungor egingo zintzotasunez egiten zaizkion eskariei"

Pilar Goya | EITb media

Leer en Castellano

ETAko preso ohien ongi etorrien inguruan egindako eskaeren aurrean, Arkaitz Rodriguez, Sortuko idazkari nagusiak ziurtatu du "ezker independentismoari zintzotasunez, pribatuki eta modu eraikitzailean egiten zaizkion eskariei ez diela entzungor egiten; afera honetan ere ez da ezberdin izango".

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Arkaitz Rodriguez, Sortuko idazkari nagusiak ezker abertzalearen atzoko adierazpena eta ETAren biktimei jasandako sufrimenduagatik erakutsitako atsekabea eta minaren zintzotasuna defendatu ditu gaur "Faktoria" saioan: "Eman dugun urratsa ez dugu ezeren truke eman edo ezer espero dugulako, eman dugu eman behar genuela uste genuelako baizik". alde bakarrez emandako urratsa izan dela adierazi du eta ukatu du aurrez, alderdi sozialistarekin edo Espainiako gobernuarekin "sukalde lanak" izan direnik: "Espero dugu balio izatea elkarbizitzan aurrera egiteko, presoen auzia behingoz bideratzeko eta euskal gatazkari aterabide politiko bat emateko".

Hausnarketa politikoa eta autokritika eskatu dietenen aurrean, Rodriguez bereziki kritiko azaldu da Urkullu lehendakariarekin eta EAJrekin: "Ulergaitza egiten zaigu EAJ eta Urkulluren haserrea. Pozik azaldu dira Podemos, PSOE, Generalitatea eta Kataluniako independentismoa, herri honetako sindikatu guztiak, Sinn Feinn eta ETAren biktima asko eta asko....pozik oro har euskal gizartearen gehiengo zabala baina horren aurrean parez pare, haserre, PP, Ciudadanos, Vox eta kurioski eta modu ulergaitzean EAJ eta, bereziki, Urkullu. Ez dugu ulertzen atzokoaren moduko albiste baten atzean nola egon liteke inor haserre. Atzoko adierazpena ez genuen PP, Ciudadanos, VOX edo PNVrentzat egin, egin genuen herri honen alde eta bereziki, ETAren biktimak gogoan". Izan ere, Sortuko idazkari nagusiak ETAren hainbat biktimek helarazitako balorazio eta mezuak eskertuz hasi du elkarrizketa eta horien artean aipatu ditu Maria Jauregi, Maixabel Lasa, Rosa LLuch eta Alberto Muñagorri.

Erabakia hartzea ez dela erreza izan aitortu du Rodriguezek, ezker abertzalearen barruan badagoelako pentsatzen duenik soilik haiek direla alde bakarrez urratsak egiten dituztenak, baina bake iraunkorra eraikitzeko hartutako konpromisoei tinko eusteko helburua berretsi du. Gogora ekarri du oraindik ere 200 preso inguru daudela kartzelan eta salbuespenezko legeria indarrean dagoela: "Bake justu bat eta elkarbizitza nekez eraiki daitezke presoentzako aterabiderik gabe".

Atzoko adierazpenak EH Bilduk gainerako alderdiekin dituen harremanetan eraginik izango ote duen eta aliantza politiko berriak ekar ditzakeen galdetuta, Rodriguezek erantzun du ez dutela urratsa horretarako egin baina "horretarako ere balioko balu, ongi etorriak izan daitezela aliantza eta akordio posible guzti horiek".

Albisteak (8)

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)