Elkarbizitza eta adiskidetzea
Ibon Etxezarreta: "ETAn egon garenok ekarpena egin dezakegu elkarbizitzaren alde"
Jone Larrañaga | EITb Media
Ibon Etxezarreta, Maixabel Lasarekin topaketa errestauratzaileetan parte hartu zuen ETAko presoa, berak egindako urratsaz eta adiskidetzeaz. ETAk eragindako biktima guztiak sentitzen ditu berak bere biktima eta uste du talde armatuan egon direnek asko eman dezaketela elkarbizitzaren alde.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Ibon Etxezarretak neurtu egin du zer esan, noiz esan eta nori esan. Izan ere, ez da erosoa izaten ari Maixabel filmaren osteko garai hau beretzat. Pelikulak ez darama bere izena. Baina muinean, bere historia ere bada kontatzen dena. Eta horrexegatik, kosta egin zaio filma ikustera joatea. Lehenengoa baino hobeto bizitu du bigarren ikustaldia.
Juan Mari Jauregiren hilketaren arduradunetako bat da Ibon Etxezarreta. Eta egindako mina aitortuz eseri zen Maixabel Lasaren aurrean. Ez dio sekula barkamenik eskatu eta ez du aukera hori sekula izan gogoan. "Barkaezina da bere familiari egin geniona", azpimarratu du Euskadi Irratiko "Faktoria"n egindako elkarrizketan.
Atentatu hura ez ezik, ordea, talde armatuak eragindako biktima guztiak sentitzen ditu bere. "ETAk egindako gainontzeko atentatuen ardura ere badut. Gure biktimak dira… nire biktimak dira", esan du. Min eragile izan denak adiskidetze bidean eragile izan behar duela iritzi dio eta uste duela elkarbizitzaren alde asko egin lezaketela etakide izandakoek.
Gaur egun, hirugarren graduan dago Etxezarreta, telematikoki baino ez dago kartzelara lotuta. "Mugatuta nago, baina libre sentitzen naiz", kontatu du. Ikasten ari da berriz kalean bizitzen, kartzelatik aterata gogorra egin baitzitzaion oso. "Erosoago nengoen barruan kanpoan baino", adierazi du, eman zuen urratsaren berri izan ondoren bere lehengo inguruak izan zuen jarrerari erreferentzia eginez. Gasteizen hasi du bide berria. Hango bere etxean eskaini dio elkarrizketa Iñaki Guridiri.