Egoera epidemiologikoa
Basaras: "Aurreikusten da aurten gripeak ospitaleak beteko dituela; ezin diogu horri covid-19a gehitu"
Oihane Yustos | EITb Media
Miren Basaras EHUko mikrobiologoak pandemiaren aurkako neurriak zuzen betetzeko eskatu du, "azaroa, abendua eta urtarrila hilabete kritikoak izango direlako".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
ZIUetako eta erietxeetako egoera ez da oraindik larria oraindik Euskal Herrian. Nafarroa da Estatuan birusaren intzidentzia tasa altuena duen erkidegoa Lurraldeka begiratuz, Gipuzkoan daude 100.000 biztanleko positibo kopuru handiena, baina ospitaleak egonkor daude. Euskadin 24 gaixo daude zainketa intentsiboetan, orain bi asteko kopuru bera eta gela arruntetara, 90 herritar eraman ditu koronabirusak.
Edonola ere, egoera larritu liteke eta ez covid-19arengatik bakarrik. Miren Basaras epidemiologoak "Faktoria" albistegian gogoratu du, gripe arruntaren garaia dela. "Beste urteetan ikusi dugu erietxeak tentsionatu dituela, ospitaleko korridoreetan ikusi ditugu pazienteak oheetan". Aurten gerta liteke hori, "egoera aurreikusten bada, ezin diogu horri covidaren arazoa gehitu", EHUko mikrobiologoaren hitzetan.
Ez du neurri murriztaile gehiago eskatu baina, gogoeta beharrezkoa ikusten du: "denok egin beharko dugu hausnarketa, zer egiten ari garen txarto eta berreskuratu beharko dugu ondo egiten ari ginena". Adibidea jarri du Basarasek, "erlaxatu bagara maskararen erabileran, hori berreskuratu beharko dugu". Kontuan hartu beharreko neurria azpimarratu du: "badakigu maskararen erabilera leku itxietan funtsezkoa dela eta leku irekietan jende asok badago, baita ere".