Ingurumen sailburua
Arantxa Tapia: "Energia enpresak dira lehen interesatuak deskarbonizazio prozesuaren parte izateko"
P.G. | EITB Media
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren esanetan, kutsatzaile handienak izan diren energia enpresek urrats handiak egin dituzte deskarbonizazio helburuetara egokitzeko, bai baitakite estrategia horrekin bat egiten ez badute, desagertu egingo direla.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Arantxa Tapiaren esanetan, kutsatzaile handienak izan diren energia enpresek ahalegin handiak egin dituzte eta egingo dituzte deskarbonizazio prozesuan. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak Euskadi Iratiko "Faktoria"n esan duenez, eurak dira lehen interesatuak deskarbonizazio prozesuan parte garrantzitsu izateko.
Izan ere, badakite, bestela, 2050erako helburuak gauzatzen doazen neurrian, desagertu egin daitezkeela. "Zentzu horretan dauzkagu gurekin", adierazi du. Etekinak erregaietatik ateratzen dituzten enpresa handiek klima aldaketaren aurkako neurriei galgarik ez ote dieten jarriko galdetuta, ezetz erantzun du Tapia sailburuak: "zenbat eta azkarrago joan, eurentzako hobe".
Tapiak azpimarratu du "konpromisoak bakarrik ez, ekintzak eta finantzaketa behar direla hemendik 2050. urtera deskarbonizaziora joan behar badugu" eta aldarrikatu du estatuen azpiko administrazioek ere zeresana izatea zehaztu beharreko ekintzetan, "% 80an ekintzak martxan jartzen ditugunak gu garelako". Ildo horretan, txalotu egin du EUDELek 2030erako garraio publikoa deskarbonizatzeko atzo egindako proposamena, "urrats ikaragarria iruditzen zait", esan du.
Energia nuklearraz Tapiak adierazi du Europa mailan hartu beharreko erabakia dela eta "kontziente izan behar dugula gurera etortzen den energia zati handi bat, aldameneko herritik datorrela eta herrialde horrek energia nuklearra daukala portzentaje handi batean".