Mari-Luisa Erdocio Etcheberri
"Familiako ipuina zela uste nuen eta orain oso harro nago birramatxi bertsularia izan zela jakinda"
Ane Albisu | EITb Media
Mari-Luisa Erdocio Etcheberri, Ipar Euskal Herriko lehen emakume bertsolariaren senideekin hitz egin dugu Faktorian. Ikerketa baten ondorioz jakin dute izan zela eta bertsolaria izan zela.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Marie-Agnès Larralderen birramatxi eta Pascal Peyreblanquen amatxiren amatxi zen Mari Luisa Erdocio (1846-1925). Azkainen, ezkutuan dauden aparteko emakumeen ikerketa lan baten ondorioz jakin dute haren berri eta ezagutzen den Ipar Euskal Herriko lehen emakume bertsolaria da.
Beñat Soule bertsozalearen liburu batean bere izena agertzen da, 19.mendean bertsolari bat izan zela esanaz. Hori izan da ikerketaren abiapuntua eta gero ikusi dute, lehen aldiz 1869. urteko artikulu batean ageri dela. Julien Vinson kazetariak aipatu zuen, azkaindar neska gazte bizia zela eta jendeak maite zituela bere bertsoak.
Faktoria saioan haren ondorengo senideekin hitz egin dugu eta ilusio handia egin die aurkikuntza honek. Marie-Agnès Larraldek adibidez kontatu digu, etxean amari entzuten ziola, amatxi bertsolaria izan zela, baina berak familiako ipuina zela pentsatzen zuen. Orain egia zela jakin duenean oso harro dagoela esan digu. Pascal Peyreblanque ere oso gustura dago, ezer ez zekien eta ilusio handia egin dio.