Itxi

Aldiriko Trenaren ajeak

Renferen Gipuzkoako kaosa salatu dute erabiltzaile eta langileek: "10 minutuko atzerapena ospatzekoa da"

GORKA OTAEGI | EITb Media

"Geltokira joan eta ez dakizu zure trena noiz iritsiko den, ezta pasako den ere". Gipuzkoako Aldiriko Trenaren erabiltzaile eta langileak kexu dira zerbitzuaren gainbeheragatik: 40 minutu arteko atzerapenak, bertan behera geratzen diren trenak, informazio eza eta langile eskasia salatzen dituzte.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Mariak aspaldi utzi zion Gipuzkoako Aldiriko Trena erabiltzeari: "Ezin duzu tren horrengan konfiantzarik izan. 2017an maiztasuna murriztu zioten, eta gehitu horri eguneroko atzerapen eta gorabeherak! Nahiago dut Euskotren edo autobusa erabili, askoz motelagoak diren arren". Gipuzkoako Aldiriko Trenak milioi bat erabiltzaile galdu du azken hamarkadan, eta horren arrazoi nagusietakoa "zerbitzuaren kalitate eskasa" dela uste du Jonek: "Okerrena informazio falta da. Ez dakizu zure trena iritsiko den, ezta pasako den ere", azken asteotan, atzerapenak 40 minutu artekoak izan dira.

Renfe eta ADIFen arabera, trenbidean egiten ari diren obrek dute gorabeheren errua; dena den, bi enpresa horien Gipuzkoako langileek bestelako arrazoiak ere nabarmentzen dituzte. Langile-komiteen aburuz, enpresek duten "langile eta baliabide falta endemikoak" ez die uzten sortzen diren eragozpenei modu egokian erantzuten. Gipuzkoako Adiriko Trenaren arazoez, horien arrazoiez eta kaltetuen eskubideez luze eta zabal jardun dugu aste honetako Hurrengo Geltokia atalean.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)