A25
Eider: "Merke ateratzen zaie bortxatu eta hiltzea; sistema penitentziarioa aldatzen ez bada, hau pasako da"
Oihane Yustos | EITb Media
8 urteko bikote harremanean erasoak eta irainak bizi izan zituen Eiderrek. Bere bikotekide ohia espetxean dago gaur egun, baina oraindik beldurrez bizi dela aitortu du "Faktoria"n.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Eiderrek badaki zer den infernua. Bere bikote-harremanean bizitu du. 8 urtez alboan izan duen gizonak tratu txarrak eman zizkion, irainak eta erasoak. Bi seme-alaba ditu bikotekide ohiarekin, eta zaharrenak ere jasan zituen aitaren kolpeak.
Urtetan gertatzen ari zitzaiona ezkutuan gorde zuen, "nire buruari ere ez nion onartzen errealitatea" kontatu du, Iñaki Guridiri "Faktoria"n eskaini dion elkarrizketan. Baina, egun batean "klik" egin zuen. 5 urteko semeak, zaharrenak, bereganako irainak eta mehatxuak errepikatu zituenean. "Orduan esan nuen, baina zer daukat hemen? Aitaren jarrera berdinak erreproduzitzen ari da! Esnatu nintzen eta laguntza eskatu nuen. Hor konturatu nintzen zerbait gertatzen ari zela".
Bigarren infernua, bide judiziala
Bide judiziala hasi zen orduan, "bigarren infernua" esan du Eiderrek, epaile batzuek bikotekide ohiari sinetsi egin ziotelako. 2 urte eman zituen bizkartzainarekin, gogoz kontra: "Ez nuen nahi, ni ez naiz delinkuentea esaten nien", baina, azkenean, onartu zuten.
Bikotekidea espetxean dago gaur egun, Euskal Herritik urrun, Castellonen, baina beldurra ez da desagertu. "Baimenak ditu eta Bilbora etor liteke edozein momentutan. Beldurra hor dago, baina ezin dut horrekin bizi, eta ezin diet hori transmititu haurrei. Aurrera egitea erabaki dut", esan du "Faktoria" albistegian.
Gertatu zaiona kontatzeko erabakia hartu du, "ez gaudelako babestuta, gure historia kontatu behar da, zer gertatzen ari den eta zer gertatzen den salatu eta gero". "Eredu izateko" neurri batean, "beste emakumeei esateko aurrera egin behar dela". Baina guztien laguntza behar dela dio; gizarte osoaren laguntza behar da, justiziarena batez ere. Aldaketak eskatu ditu: "Sistema judiziala, sistema penitentziarioa aldatu behar da. Oso merke ateratzen zaie erasotzea, bortxatzea eta hiltzea. Sistema penitentziarioa aldatzen ez den bitartean, hau pasako da".