Covid 19a
Gotzone Sagardui: "Osasun zentroetan edo erdibideko txertaketa guneetan txertatuko ditugu haurrak"
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du gurasoek lagunduta joan beharko dutela umeek txertoa jasotzera. 60.000 dosi helduko dira datozen asteartean eta biharamunean hasiko dira 11 urtekoak eta hortik beherakoak, hurrenkeran, txertatzen.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak baztertu egin du haurrak eskoletan txertatuko direnik. Gabonetako oporrak tarteko eta, batez ere, gurasoekin joan behako dutela kontutan hartuta, osasun zentroen eta erdibideko txerto-guneak prestatuko ditu Osakidetzak datorren asteazkenean umeek txertoa jaso dezaten. Jaurlaritzak 60.000 dosi jasoko ditu asteartean eta biharamunean hasiko dira jartzen, 11 urtekoekin hasi eta hortik behera.
Osasun sailburuak berretsi du txertoa segurua dela eta euren umeak txertatu ditzaten dei egin die gurasoei berriz ere: "Euren osasunagatik eta, batez ere, hurkoarengatik", esan du. Azaldu du pandemiaren olatu honek ez duela oraindik goia jo eta azken 24 ordutan ia 1.400 positibo berri zenbatu direla.
Urrian bertan behera geratu ziren 4.000tik gora kontratuen harira sindikatuek egin dituzten salaketak direla eta, zehaztapena egin nahi izan du Sagarduik. "Ez dira denak ez lehen arretakoak; ez arakatzaileak ere". Gehitu du Sagarduik Osakidetzak, egunean egunean, planifikazioak egokitu egiten dituela eta berdin egiten dutela kontratazioekin ere.
"Diru publikoaz ari gara eta alde horretatik zentzuz eta kontuz jokatu behar dugu", iritzi dio. Adierazi du kontratazio berriak egiten ari direla, baina zenbakiak bezain inportanteak direla perfilak. Sagarduiren arabera, lehen arretarako medikuak eta hainbat espezializaziotako erizain eta profesionalak falta dira.