Itxi

ENEKO GOIA

"Jai hauek nola pasatzen diren ikusita izango dugu aukera aztertzeko danborradarekin zer egin"

EITB Media

Donostiako alkateak azaldu du udala asteartean dela ematekoa Olentzeroren eta Errege Magoen desfileei buruzko xehetasunak. Arduraz jokatzeko deia egin die herritarrei, eta COVID ziurtagiriaren hedapenaz, neurriak betearazteko eskatu die jardueretako antolatzaileei.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Eneko Goia Donostiako alkateak 'Faktoria' saioan berretsi du San Tomas eguneko ospakizunik ez dela izango datorren astean, ez dela udalak antolaturiko jarduerarik egongo. Herritarrek "arduraz jokatzea" espero du, bai egun horretan eta baita gainerakoetan ere. Danborradari begira, dagoeneko prestaketa lanetan ari diren arren, Goiak dio oraindik denbora dagoela erabaki bat hartzeko: "Seguruenik jai hauek nola pasatzen diren ikusita izango dugu aukera aztertzeko eta erabaki bat hartzeko".

Covid ziurtagiria hainbat esparrutara hedatzeaz, Goiak esan du udalari dagozkion eremu itxietan eta jardueretan "zorrotz" jokatzen ari direla, eta antolatzaileei dagokiela neurriak betetzea. Kezkaz ikusten ditu, era berean, Bizitza plataformak larunbaterako deitutako protestak eta gisakoak.

Bestelako gaiak ere hizpide izan ditu Goiak. Mugikortasunari dagokionean, hirian egingo duten eraldaketak "inpaktu baikorrak" eragingo dituela ziurtatu du, "hiri atseginago bat" lortzeko bidean. Egia auzoan, udalak "neurri ezberdinak" hartu ditu auzotarrek salatutako segurtasun faltari aurre egiteko, Goiaren arabera.

Audioak (1)