Kargatzen...
Itxi

Mikel Otero, Faktorian

Mikel Otero: "Aire zabalean musukoa derrigortzeak noraeza, deskontrola eta inprobisazioa adierazten ditu"

EITB Media

"Errieta egitetik harago", Iñigo Urkullu lehendakariak pandemiaren aurkako legea eta neurriak hartzeko eskumenak dituela gogoratu du EH Bilduko Mikel Oterok. Jaurlaritzarekin aurrekontuak adostea defendatu du: "Ez dugu arazorik igerilekura jauzi egiteko".

Your browser doesn’t support HTML5 audio

"Sentsazio txarra" eragin dio EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Oterori aire zabalean musukoa derrigortzeko Espainiako Gobernuaren dekretua. Kontsentsu zientifikorik gabeko neurria dela dio, eta agerian uzten dituela "noraeza, deskontrola eta inprobisazioa". Eusko Jaurlaritzari, berriz, berehalako neurriak eskatu dizkio: "Urkullu haserre dagoela dirudi, etengabeko erruetan, baina pandemiaren aurkako legea du eta eskumenak neurriak hartzeko". Prebentzioan oinarritutako estrategia hobetsi du Oterok, eta ezinbestekotzat jo du Osakidetza indartzea, aztarnari kopurua handitzea eta testen erabilera areagotzea.

Jaurlaritzarekin 2022ko aurrekontuak adosteaz, Oterok nabarmendu du EH Bilduren babesa ez dela estrategiko edo interesatua: "Mamia dugu ardatz eta ez dugu arazorik igerilekura jauzi egiteko, ura ikusten badugu". EAJ eta PSE-EErekin bat egiteak ez du, gainera, koalizioaren oposizio-gaitasuna neutralizatuko, Oterok esan duenez, eta EH Bilduren barruan babes zabala jaso dute. Ingurumen adiministrazio legean, bai, Jaurlaritzarekiko "desadostasun sakonak" aitortu ditu.

Azkenik, EH Bilduk jasotako kritiken aurrean, Mikel Albisu ETAko preso ohia txalotu eta Sorturen zuzendaritzan David Pla ETAko buru ohia sartzea defendatu ditu. Oterok gogoratu du Albisuk bete duela espetxe-zigorra eta Pla "ezinbesteko" izan zela borroka armatuaren amaiera-prozesuan.

Audioak (1)